Errezilek irabazi du Bidaniaren aurkako giza proba desafioa

Ihintza Elustondo 2023ko aza. 12a, 14:18

San Martin jaien barruan, Errezilen eta Bidaniaren arteko giza proba desafioa jokatu zuten atzo Beheko Plazan. 60 plaza pasatxo osatu zituen Bidaniako taldeak hogei minutuan, eta Errezilgo taldeak, berriz, ia 65. Horrenbestez, errezildarrentzat izan zen txapela. Aurrez, sagardo eta pintxo dastaketa izan zituzten frontoian, motorrak berotzeko.

San Martin eguna izan zen atzo, eta ez zen nolanahiko jai giroa sortu Errezilgo herrian. Izan ere, egun osoan motorrak berotzeko hainbat ekintza izan ostean, gauean jokatu zuten hainbeste itxarondako giza proba desafioa Errezilen eta Bidaniaren artean. 23:00etan jokatu zuten herri kirol proba, eta Beheko Plaza leporaino bete zuten erakustaldia bertatik bertara jarraitu nahi izan zuten hainbat eta hainbat zalek.

Herri bakoitzetik sei mutil gazte aritu ziren nor baino nor, 600 kiloko harriarekin hogei minutuan zeinek plaza gehiago egingo. Errezilgo taldea Iker Zinkunegik, Unax Aizpuru Antzelaik, Haritz Goenaga Imuntsok, Julen Rueda Erkizik, Eritz Rodriguezek eta Oier Irulegi Abittak osatu zuten, eta haien entrenatzaile Gari Etxeberria aritu zen.

Bi herrien artean "saltsa" sortzeko antolatu zuten Festa Batzordekoek giza proba, eta ez zen falta izan saltsarik atzokoan. Azkenean, ederki sufrituta, baina Errezilgo taldea izan zen nagusi. Hain zuzen ere, 60 plaza, zinta bat, hiru metro eta 76 zentimetro osatu zituen hogei minutuan Bidaniako taldeak, eta Errezilgo mutilek, berriz, 64 plaza, hiru zintza, lau metro eta 40 zentimetro. Nahi zuten helburua lortuta, beraz, festa giro ederra sortu zen Errezilgo herrian.

Sariak ematen aritu zen Joanes Iriondo, eta Domusa Teknikek jarritako oroigarri bana jaso zuten parte hartzaileek.

Honako hauek atzo iluntzeko sagardo eta pintxo dastaketan eta ondorengo giza proba desafioan hartutako irudiak dira.

(Argazkiak: Maider Ginea eta Ihintza Elustondo; bideoa: Maider Ginea)