Azaroak 25

Eskola umeei zuzendutako ekintzak egingo dituzte Errezilen datorren astean, A25aren bueltan

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 17a, 14:56

Saiazko lau udalerrietako emakumeak, aurten bertan egindako bertso bazkariaren egunean. (Saiaz mankomunitatea)

Saiaz mankomunitateak egitarau oparoa prestatu du Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira, eta hitzorduetako bi Errezilen jarri dituzte: Beatriz Egizabalek ipuin kontaketa ilustratua eskainiko du azaroaren 22an, eta Tratu onak lantzen tailerrean parte hartuko dute ikasleek hilaren 24an.

Azaroaren 25aren bueltan egitarau oparoa prestatu du Saiazek gizarte zerbitzuen mankomunitate horretan elkartzen diren udalerrietarako –Errezil, Beizama, Bidania-Goiatz eta Albiztur–. Bihar zortzi izango da Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, baina astean zehar egun horretako aldarrikapenei lotutako ekintzak izango dituzte Saiazen batzen diren udalerrietako batzuetan.

Errezilen, esaterako, eskola umeei zuzendutako bi zita izango dituzte datorren astean. Asteartean, azaroaren 22an, Beatriz Egizabalek ipuin kontaketa ilustratua eskainiko du frontoian, Errezilgo, Albizturko eta Bidania-Goiazko LHko ikasleei zuzenduta. Ostiralean, berriz, hilaren 24an, Tratu onak lantzen tailerrean parte hartuko dute San Martin Herri Eskolako ikasleek.

Horretaz gain, Saiazko ordezkari politikoek genero ikuspegiaren gaineko formazioa jasoko dute azaroaren 23an eta 25ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.