Jubilatuen Egunarekin eta musikarekin agurtuko dituzte samartinak Errezilen

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 18a, 10:35

Amaterra taldeak kontzertua emango du igande arratsaldean Errezilen. (Katapulta)

Bihar ospatuko dute jaien azken eguna. 44 lagunek eman dute izena jubilatuen bazkarirako. Arratsaldean, Amaterra taldeak kontzertua emango du zimitorioan.

Errezilen joan den asteburuan izan zituzten San Martin jaietako ekitaldi nagusiak, baina festak ez dira oraindik amaitu. Izan ere, bihar izango da aurtengo Jubilatuen Eguna. 13:00etako meza nagusiaren ondoren, 14:00etan bazkaria izango dute herriko jubilatuek Borondegin. 44 lagunek eman dute bazkaritarako izena, eta jai giroan egingo dute otordua; Loidisaletxek eta Telleriak jarriko dituzte bertsoak, eta Lidiak eta Itzederrek musika.

Eta musika gehiago entzuteko aukera izango da samartinetako azken ekitaldian ere. Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean eta Katapulta Tour egitasmoaren barruan, Amaterra taldeak kontzertua emango du igande arratsaldean Errezilgo elizako zimitorioan, 18:00etan.