Inauteriak 2024

Getariako mozorro lehiaketan festa-giroa garaile

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 11a, 14:15

Irudimenak eta sorkuntzak herria hartu dute inauterietan. Orotariko jantziak izan dira ikusgai, nahiz eta gutxi batzuek saritu dituzten. Nolanahi ere, guztiek ospatu dute festa gustura.

Getariarrek sorkuntzarako abilezia handia erakutsi zuten atzo; izan ere, mozorro apartak sortu zituzten inauteriak ospatzeko, baita karrozak ere zenbaitek. Guztiek ezin izan zuten saririk jaso, baina horrek ez zituen festarik gabe utzi.

Sariak aipatuta, mozorro eta kartel onenak eta erakusleiho politenak izendatu zituzten atzokoan herriko plazan eta bi aipamen berezi egin zituzten: bata, talde karnabaleroena-ri, zeina Kasu Ba talde tropikalak jaso zuen eta bestea hilabete barru herritik pasatuko den Korrika inspirazio iturri izan zuten bi taldeei. Batek, 23. edizioa iristeko presaz, euskararen aldeko lasterketa aurreratzea erabaki zuen, eta, besteak nostalgikoago jokatu eta lehenengoa gogoratu zuen.

Nolanahi ere, mozorro onenak ez ziren horiek izan. Taldekako saria sare konpontzaileei eman zioten eta bakarkakoa loritoari. Adin txikikoek ere jaso zuten saririk, zirkuko haurrek eta gaztetxo mekanikoek, hain zuzen ere.

Kartelak eta erakusleihoak

Inauterietako kartel lehiaketari erreparatuta, bestalde, antolatzaileek jakinarazi zuten epaimahaiak 64 lan jaso zituela orotara, eta, aurkeztu zituzten horien guztien artean Eneritz Manterolak egindakoa iruditu zitzaien onena. Adin txikikoei dagokienez, Evan Antomasen kartela saritu zuten 2 eta 5 urte arteko haurren kategorian, June Urrestirena LH1etik LH3rako ikasleen kategorian, eta, Malen Balentziagaren LH4tik LH6rakoan.

Erakusleiho lehiaketa ere egin zuten, esan bezala, eta Neves Tatto dendakoa izan zen boto gehien jaso zituena. Maghda belar dendak eta Eskura fisioterapia zentroak osatu zuten podiuma bigarren eta hirugarren tokian, hurrenez hurren.

Sari banaketaren aurretik eta ondoren disko festa egin zuten plazan eta gustura aritu ziren dantzan herriko txikienak nahiz haien gurasoak ere. Horrez gain, txarangak ere alaitu zituen herriko kaleka iluntzean.