Sugoi Etxarri eta Intza Gurrutxaga: "Harrokeriarik gabe, harrotasunez, izan euskaldun"

Arantxa Iraola - Berria 2024ko api. 21a, 08:30
Sugoi Etxarri eta Intza Gurrutxaga EHEko kideak. (Gaztea)

Heldu den astean Harrotze Astea da, EHEk antolatuta; helburua euskaltzaleek "kalea hartzea" dela esan dute Etxarrik eta Gurrutxagak, Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan.

Euskaltzaleen aldarriak propio lehen lerroan jartzeko, eta horiek gero eta trinkoagoa den sare batean ehuntzeko, Harrotze Astea antolatu du EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek heldu den asterako. Intza Gurrutxaga (Getaria, Gipuzkoa, 1996) eta Sugoi Etxarri (Larraun, Nafarroa, 1997) EHEko kideek "kalea berriz hartzeko" dei bat dela azaldu dute. Eta horrexegatik, hain justu, kaleko hizkuntzari keinu bat egin nahi izan diote asterako hautatu duten leloan: Euskaraz ta harro. Animatu nahi dituzte euskaltzaleak parte hartzera eta lelo hori bera erabilita sare sozialen bidez-eta egiten dituzten jardunbideak "partekatzera". Inguruan euskaraz egin ezin dituztenak "behatzeko" eskatu diete, eta "eragiteko jarrera bat" hartzeko. 

Zer taxu eman nahi izan diozue aste honi?

INTZA GURRUTXAGA: Euskal Herriko euskaltzale oro kolektiboki harrotzeko egitasmo baten moduan irudikatu dugu. Lehen Ezabaketa egunak eta Ezabaketa Asteak antolatzen zituen EHEk, eta aurten egin nahi izan da ikuspegia zabaldu; ezabaketez gain bestelako ekintzetarako aukera zabaldu nahi izan da, eta horietan parte hartzeko deia egin.

SUGOI ETXARRI: Bereziki, euskararen aldeko tokiko borrokak berpizteko ariketa kolektibo bat da. 

Euskaltzaleak "harrotzeko" astea dela esan duzue. Harro Herri izan da Korrikaren leloa aurten. Asmoa bat bera da?

S. E.: Nik uste dut ez dela kasualitatea izan. Ez da bata bestearengatik izan, baina uste dut biek kausa bera dutela. Oldarraldiaren ondorioz berriz gure zapalkuntzaren kontzientzia berpizten ari da, eta kontzientzia horrek eskatzen du ahalduntze bat, harrotze bat, eta uste dut hortik etorri dela kontzeptu hori berreskuratzea.

I. G.: Askotan hizkuntza gutxituetan konplexuak izaten dira zenbait esparrutan euskaraz aritzeko, euskarari eusteko, eta nik uste horrekiko ere badela aldarrikapena. Indartu, ahaldundu, harrotu: ikuspuntu horretatik. Aipatu izan dugu aurrez ere: harrokeriarik gabe, harrotasunez, izan euskaldun. 

Zer ekintza eta jardunbide egingo dira astean zehar?

S. E.: Aurreko Ezabaketa Asteetan planteatzen zenaz harago, paisaian eragin nahi dugu, baina zabaldu nahi izan dugu ekintza moten espektroa, eta aukera zabalak eman ditugu. Gida bat prestatu dugu, eta gida horretan hainbat ideia eman  ditugu, baina tokian-tokian molda daitezke, eta ideia ezberdinak martxan jar daitezke: elkarretaratzeak, ekintza sinbolikoak, topaketak, adierazpenak, sare sozialetan egindako ekintzak... Baina guztiek izango dute komunean kalean izango direla: kalea hartuko dugu. Kalea, zentzu zabalean, gaur egun ulertuta sarea ere kalea dela, nolabait ere: plaza dela.

I. G.: EHEk antolatuko ditu ekintza nazional batzuk, baina batez ere asmoa da norberak tokian tokiko borrokak piztea.

Osorik irakurtzeko jarraitu hemen.