XII. Floren Memoriala futbito txapelketa fase erabakigarrian sartu da

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 25a, 14:00
Iribarrek eta Izarrik jokatu zuten iazko XI. Floren Memoriala futbito txapelketako ligako finala. (Utzitakoa)

Multzoen faseko azken bi jardunaldiak, finalaurrekoak eta finala soilik falta zaizkio lehiari. Txapelketa herrian "oso errotuta" dagoen arren, emakumeak falta direla diote antolatzaileek 

Gure Txeru elkarteak antolatutako areto futbol txapelketa azken txanpan sartu da; izan ere, lau jardunaldi baino ez zaizkio geratzen aurtengo edizioari. Hilabete pasatxo barru jokatuko dituzte finalak, ekainaren 1ean, larunbatez, hain zuzen ere.

Bada, final horiek zein taldek jokatuko dituzten erabakitzeko, aurrez multzoen fasea amaitu behar dute. Azken bi jardunaldiak falta zaizkie soilik, eta azken aurrekoa bihartik igandera bitartean jokatuko dute. Lehenengo fasea amaitutakoan, puntu gehien bildu dituzten lau taldeek ligako finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta bosgarren eta zortzigarren postuen artean sailkatutakoek kopakoak. Aurten hamar taldek izena eman dutenez, azken bi postuetan amaitzen dutenak kaleratu egingo dituzte zuzenean.

Horren harira, antolatzaileek azaldu dute azken urteetako joera dela hamar bat taldek parte hartzea, nahiz eta izaten diren gorabeherak ere: "Iaz bederatzi izan ziren, eta aurten bat gehiago. Herriko kuadrillen arteko txapelketa modukoa izaten denez, lagun taldeko hainbat mutil elkartuta osatzen dute taldea normalean. Horregatik, adinean aurrera egin ahala jokatzeari uzten diote batzuek, eta beste batzuk animatzen dira. Dena den, kopurua antzekoa izaten da beti, azkenean".

Bada, aurten batu direnen artean, bada bat ia talde denei gailendu zaiena: Old Stars. Hainbat jokalari beteranok osatu dute taldea, hain justu, eta orain arte jokatutako zazpi partidetatik bost irabazi dituzte. Beste biak berdindu eta galdu egin dituzte. Hala, sailkapenaren buru-buruan dira iaz txapeldunorde geratu zen Izarrirekin berdinduta. Hamaseina puntu dituzte.

Iribar izan zen iaz ligako txapelduna, baina apalago ari da aurten, une honetan sailkapeneko bosgarren postuan kokatuta baitago. Dena den, oraindik baditu aukerak ligara sailkatzeko.

Herrian errotuta

Aurtengo edizioak orain arte eman duenaz harago, antolatzaileek diote txapelketa "oso errotuta" dagoela herrian; izan ere, "40 urtetik gora ditu". Zentzu horretan, azaldu dute azken hamabi edizioak Floren Memoriala izenpean antolatu dituzten arren, aurrez Xabi Iñurritaren omenez jokatu zituztela beste hainbeste. Hain justu, hamabigarrena jokatzen ari zirela, 2010eko maiatzean, hil zen Floren, bere partida jokatzeko zain zegoela. Aurreko norgehiagoka frontoiko barandatik ikusten ari zela, auto batek harrapatuta hil zen, eta orduz geroztik darama txapelketak haren izena.

Horrez gain, antolatzaileek azaldu dute, txapelketa herrikoia izanagatik, "lehia handia" izaten dela: "Kuadrillen ohorea dago jokoan". Hori horrela, ikusmina ere handia izaten da: "Adin guztietako jendea erakartzen du txapelketak eta bete egiten dituzte harmailak".

Futbol mailari lotuta, antolatzaileek diote "nahiko traketsa" dela taldeek erakutsi ohi duten jokoa, "oso fisikoa", eta, akaso, horregatik ez direla animatzen emakumeak jokatzera. Zentzu horretan, zehaztu dute aspaldi bazirela parte hartzen zuten emakumeak, baina azkenaldian hutsunea jarraitua izan dela. Diotenez, egin dituzte ahaleginak emakumeak erakartzeko, baina kostatzen ari zaie: "Taldeak osatzeko hamabost gizon jokalariren muga jarri dugu, baina emakumeen fitxak gehitu nahi badituzte, muga gabe egin dezakete. Bada, ez dugu emakume bakar baten fitxa egiterik lortu".