Festa gogoa San Prudentzion

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 26a, 09:55
Mexikortxo Band taldea, iazko sanprudentzioetako Nafarjito festan. (Jabi Gonzalez Toston)

Bihar abiatuko dituzte jaiak Getariako auzoan, eta ez da faltako ohiko Nafarjito festa . "Tradizio" den menuko zurrukutuna eta zikiroa bertsolariek alaituta jango dituzte.

San Prudentzio eguna, apirilaren 28a, igandea egokitu da aurten egutegian, eta, Getariko San Prudentzio auzoan, dena prest dute behar bezala ospatzeko. Nolanahi ere, bezperan abiatuko dituzte jaiak, jada tradizio bilakatu den Nafarjito festarekin.

Antolatzaileek azaldu dutenez, igandea "beteagoa" izan dadin, azken urteetan egin duten ostiraleko irekiera festa ez antolatzea erabaki dute aurten; izan ere, orain arte "xumeak ziren igandeak". Hori horrela, aurten ez da izango duela bi urteko pressing catch borroka ikuskizunik, ezta iazko kopla txapelketarik ere. Dena den, bertsoetarako tarterik izango da, larunbateko Nafarjito festaren aurretik egin ohi duten bazkari herrikoia bertso bazkari bihurtu dutelako.

Unai Iturriaga eta Nerea Elustondo bertsolariak arituko dira kantuan, eta antolatzaileak ziur daude "sekulako saioa" eskainiko dutela: "Bertsolariak ez ditugu ausaz aukeratu. Librean arituko dira, eta primeran konponduko direla uste dugu, elkarren osagarri izango direlako. Punta-puntako bertsolariak dira biak, eta umorera jotzeko joera nahiz berezko dohaina dituzte. Ez dugu zalantzarik egiten bertaratzen direnek gozatua hartuko dutela".

Betiko menua

Nafarjito festarekin batera aldatzeko asmorik ez dutena menua da. Ondorioz, zurrukutuna eta zikiroa jango dituzte aurten ere. Antolatzaileek diotenez, sanprudentzioetako "tradizioa" da jada: "Zurrukutuna San Prudentzio ostatuko arduradunek prestatzen dute, eta zikiroa Urdanetako lagun batek. Donamariatik [Nafarroa] ekartzen ditugu zikiroak bezperan, eta burruntzian erretzen ditu. Postrerako, berriz, auzoko artesnearekin egindako gazta eskainiko dugu".

Azaldu dutenez, menuko plateren izenek "grazia" egin zietelako hasi ziren horiek prestatzen, eta "arrakasta handia" izan dute gerora: "Baztango haranean ohikoa da menua. Hala ere, askotan faltsua izaten da zikiroa, arkumea jaten dutelako haren tokian. Guk, ordea, benetako zikiratuak eskaintzen ditugu, nahiz eta gero eta zailagoa den lortzea".

Musika ez da faltako

Bazkalostean ekingo diote Nafarjito festa ezagunari, eta, noski, musikaz lagunduta egongo da. Debabarrena eskualdeko Annie Ma Nera eta Euskal Herriko hainbat txokotako musikariek osatutako Babarrunba taldeak igoko dira oholtza gainera. Antolatzaileek zehaztu dutenez, biak ezagunak dira auzoan: "Annie Ma Nerak ekoizle txikien azoka egin genuenean eskaini zuen kontzertua, eta egundoko giroa jarri zuen. Babarrunbako kideak, berriz, Tiktara eta Aldapeko taldeetan aritzen diren musikariak direnez, izan dira gurean inoiz. Beraz, ezagutzen dute auzoa eta badakite zer den gustatzen zaiguna".

Igandean ere entzungo da musikarik San Prudentzion, txistulariek, pandero jotzaileek eta trikitilariek girotuko baitute auzoa. Horrez gain, haurrei zuzendutako hainbat ekintza izango dira: jolasak eta Ekain pailazoaren ikuskizuna, besteak beste. Azken finean, antolatzaileen nahia da "adin guztietako herritarrek parte hartzea auzoko festetan".

Egitaraua

Bihar, larunbata

  • 14:00. Bertso bazkaria, Unai Iturriaga eta Nerea Elustondorekin. Menua: zurrukutuna eta zikiroa. Postrea: auzoko artesnearekin egindako gazta.
  • Ondoren, Nafarjito festa, Annie Ma Nera eta Babarrunba musika taldeek girotuta.

Etzi, igandea. San Prudentzio eguna

  • Goizean zehar, Enbilen Pepitak pandero jotzaile eta trikitilariak.
  • 10:00. Txistulariak batetik bestera, auzoan zehar.
  • 12:00. Haurrentzako herri kirol jolasak.
  • 12:30. Gure Txeruko dantzarien emanaldia.
  • 13:00. Slapstik ikuskizuna, Ekain pailazoaren eskutik.