Rikardo Antomas: "Emazte zenari eskaini nahi diot Zilarrezko Antxoa aipamena"

Andrea Zipitria 2024ko mai. 7a, 10:30

Rikardo Antomas Mayflower jatetxeko arduradun ohia, joan den ostiralean, Zilarrezko Antxoa jaso berritan. (Andrea Zipitria)

Antxoa Egunari hasiera eman zion ostiraleko ekitaldian jaso zuen aitortza Mayflower jatetxeko arduradun ohiak, sagardoari eta sagarri estuki lotuta egon den Zapiain familiarekin eta azken 40 urteetan Azti fundazioko ikertzaile nagusia izan den Andres Uriarterekin batera.

Nola hartu duzu Zilarrezko Antxoa aipamena jasoko zenuen berria?

Egia esanda, oso pozik eta eskertuta nago, sorpresa hutsa izan baita niretzat. Izan ere, ekitaldia hasi baino hamar minutu lehenago [ostiralean] jakin dut omenduetako bat neu izango nintzela.

Nori eskaini nahi diozu saria?

Nire emazte zenari. 44 urtez egon gara elkarrekin, eta duela sei urte utzi gintuen. Zerutik ikusiko du hau.

Zenbat urtez aritu zara Mayflower jatetxea zuzentzen?

Duela 50 urte hasi nintzen. Jada erretiroa hartu dut, baina laguntza behar dutenean joaten naiz jatetxera, batez ere telefono deiak hartzera, asko izaten ditugu eta. 

Non pasatzen dituzu ordu gehiago, jatetxean ala etxean?

Nire bizitza betidanik izan da lana egitea, baina, orain, Castello [Herrialde Katalanak] probintzian etxe bat dut, eta erretiroa hartu dudanez, hilabetero aste bat edo hamar egun inguru pasatzen ditut bertan.

Gastronomia asko aldatu al da Getariara iritsi zinenetik?

Ez da aldatu. Arrain freskoarekin lan egiten jarraitzen dugu, baina orain, bisitari kopurua igo da; txiki geratu da herria.

Zer da antxoa zuretzat?

Ikaragarri gustatzen zait; frijituta edo arrautza-irinetan pasatuta jaten dut, garaia denean, gutxienez astean hiru aldiz.

Eta zein da zure arrainik gustukoena?

Erreboiloa dago lehen postuan.