Gipuzkoarrak garaile XIX. Nazioarteko Estropadetan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 20a, 20:00

Gizonezkoetan Hondarribiak nagusitasunez irabazi du txanda guztiak irabazita, eta bigarren sailkatu da etxeko taldea. Emakumezkoetan, berriz, estuagoa izan da lehia eta Donostiako Ur Kirolak gailendu da bi puntuko aldearekin.

Hamar ontzi nor baino nor aritu dira gaur arratsaldean, Oria ibaian, Orio Arraunketa Elkarteak antolatutako XIX. Nazioarteko Estropadetan. Zehatzago esateko, bosna ontzi lehiatu dira emakumezkoetan eta gizonezkoetan arraunketa olinpikoko modalitatean. Frantziatik, Portugaldik, Kataluniatik eta Andaluziatik (Espainia) etorri dira arraun talde parte hartzaileak.

Probari berari erreparatuta, gizonezkoak nahiz emakumezkoak lau bider aritu dira elkarren aurka 500 metroko distantzian. Hala, bi mila metro egin dituzte, guztira. Bizi-biziak izan dira txanda guztiak eta gizonezkoetan Hondarribiak (Gipuzkoa) irabazi ditu denak. Hala, 20 puntu pilatuta talderik onena izan da. Bigarren, berriz, etxeko taldea sailkatu da. 15 puntu lortu ditu, hirugarren sailkatu den Sevillak baino bi gehiago.

Emakumezkoen lehia gizonezkoena baino zertxobait estuagoa izan da; izan ere, azken txanda irabazita lortu du garaipena Donostiako Ur Kirolak taldeak. Dena den, autik hiru irabazi ditu. Kataluniako Ampostak estutu ditu donostiarrak hirugarren txanda irabazita. Hala, 19 puntu eskuratu ditu Ur Kirolakek eta 17 Sevillak. Emakumezkoen proban ez da etxeko ontzirik izan eta Bordeleko (Akitania Berria) taldea izan da podiumeko hirugarren kutxa bete duena 10 punturekin.