Argi urdinak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2021ko ots. 4a, 09:18

Ertzaintzaren ekintza bateko irudia. (Hitza)

Berdin dio nora begiratzen duzun. Kalera atera orduko ikusten dira argi urdin madarikatuak. Han kotxe bat, hor bestea, eta atzetik furgoneta handia. Eta zerbait mugitzen zaizu barruan. Zer gertatzen da azkenaldian? Asko ugaritu da kontrol soziala: intimidazioak, isunak eta poliziaren presentzia. Kolore guztietako polizien kontrolak edozein bazterretan eta udaltzain "heroiak" pandemiaren izenean herritarrak jazartzen: Azkoiti aldera paseatzera doazen pertsonak isuna jartzearekin mehatxatzen, tabernan araudia betetzen ari direnak jazartzen edo haiei isuna jartzen, Elikagaien Bankuan txanda egiten ari direnak izutzen… Eskerrak haiei. Eta, hori guztia, geratzeko etorri da.

Joan den astean, egunkaria ireki eta mutu gelditu nintzen. Eusko Jaurlaritzak lau milioi euroko gastua egin du Ertzaintzarentzako 53 ibilgailu blindatu erosteko. Dirudienez, pandemia baten erdian, urgentzia gehien duena herritar xehearen gaineko kontrol soziala areagotzea da, eta ez da hain beharrezkoa osasun baliabideetan inbertitzea (test gehiago erostea, ZIU plantak gehitzea edota osasun langile gehiago kontratatzea). Ez gara inozoak, eta horrelako neurriekin argi ikusten da, gizartea birusetik babestu baino, enpresaburuek euren ordena soziala babestu nahi dutela. Krisi honetan gehien axola zaiena ez da zenbat pertsona hiltzen diren edo zenbatekoa den langabezia tasa, krisi honetan gu ixilik egotea eta ez kexatzea da nahi dutena; sumina eta egonezin soziala gelditzea, langile antolakuntza politikoa gorpuztu ez dadin.

Telebista piztu eta berdina: Donostian gazte arduragabeak kaleko edanean ari direla eta, poliziak esku hartu du beste behin. Eta haserretu egiten naiz. Hori da manipulazio mediatikoa: auzoak militarizatzea eta gazteak jazartzea, osasun neurriak betetzen ari ez direla argudiatuta. Zer arrazoi daude Donostian, kaleak hutsik daudenean, polizia sartu, jendea izutu eta jendea atxilo eramateko? Zer arrazoi, lanetik atera berri den gazte bati masailezurra hausteko? Zer arrazoi, Azpeitian GKSk antolatutako manifestazioan isunak jartzeko? Arrazoia bakarra da: kontrola eta diziplinamendua. Eta, gainera, ezin hobeto datorkie gazteak kriminalizatzea, eurek egin duten pandemiaren kudeaketa lotsagarria estaltzeko. Manipulazio mediatikoaren bitartez, pandemiaren ardura, hain zuzen, ardura ez duten horien bizkarrean jartzea lortzen dute. Milioika euro kontrol sozialera bideratzearen arduragabekeria dutenen arma da komunikabideen gaineko kontrola ere. Telebista itzaltzen dut.

Eta egoera honetan, bada "polizia demokratikoa" aldarrikatzen duenik. Eta nire buruari galdetzen diot ea ustezko «polizia demokratiko» horrek zer egingo lukeen. Gasteizen hamabost pertsona etxegabetzean biolentziarik ez erabili? Biolentzia erabilita edo "modu demokratikoagoan" baliatuta, amaiera bera da: hamabost pertsona etxegabetuak. Arazoa ez baitago polizia ereduan, poliziak betetzen duen funtzioan baizik. Eta argi dago poliziak arazoak konpontzen dituela, baina ez zapalduok ditugun arazoak, kapitalarentzat arazo diren horiek baizik. Inoiz ez dugu ikusiko polizia etxegabetze bat gelditzen, baina une oro ikusten ditugu ausaz atxilotzen, jazartzen, auzoak militarizatzen, eta abar. Eta bueltaka hasten zait burua. Posible ote da polizia bezalako instituzio bat demokratikoa izatea, kapitalaren interesak defendatzeko eta langileria kontrolatzeko sortua eta diseinatua bada? Eta, neuk behintzat, erantzuna argi dut.