Emakume Langileon Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2021ko mar. 4a, 10:04

Heltzear zaigu Martxoaren 8a, eta aurten ere pozez beteko dira kaleak; emakume ezberdin ugari elkarrekin aldarri beraren bueltan. Eta, gogoratzen naiz, duela urte batzuetatik ni ere nola eraman nauen kaleak betetzera alaitasunaren aldarri horrek. Egun horren amaieran buruan bueltaka nituen zalantzez eta galderez ere oroitzen naiz, ordea. Zerk elkartzen gaitu hainbeste emakume ezberdin? Interes berdinak ote ditugu guztiok? Ez al du galdu egunak berak borroka izaera? Eta bide honetan, urteak pasatu ahala, galderen labirintoan irteera aurkitu dudanaren ustea dut.

Ezbairik gabe, Martxoaren 8a egun seinalatua da guztion agendetan, baina ezjakintasunez beteriko egun bat ere badela esango nuke. Historiak bertsio asko ditu nahiz eta horietako asko ezkutatzen saiatzen diren. Izan ere, egun horren atzean dagoen historia ez duzue instituzio, komunikabide edota feminista liberalen ahotik entzungo. Hain dago ezkutuan, non egun honen izena ere eztabaidan jartzen den: Emakumeon Eguna edo Emakume Langileon Eguna da? Urteetan atzera egin eta 1910. urtean kokatu behar gara egun horren esentzia ulertzeko. Clara Zetkinek Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Konferentzian proposatu zuen Emakume Langileon Nazioarteko Eguna sortzea, besteak beste, garai hartan Ameriketako Estatu Batuetan oihalgintzaren sektorean egiten ari ziren grebari hauspoa emateko.

Izen hutsetik haratago, ezin pentsa Clara Zetkinen eta beste milaka emakumeren borroka egun hori sortzera mugatu zenik. Gauzak horrela, emakume sozialista ugarik parte hartu zuten Sobietar Batasunaren eraikuntzan, eta emakume langilearen bizi baldintzen hobekuntza nabarmenak gauzatu ziren bertan: ezkontza zibila eta dibortzioa legeztatu ziren; mundu mailan lehen aldiz, abortu unibertsal eta doakoa ezarri zen amatasun klinika sare bat eraikitzearekin batera; etxeko lanen sozializaziorako proiektu ezberdinak jarri ziren martxan (jantoki sozialak eta haurtzaindegiak, adibidez), lan horiek emakumearen karga izateari uzteko; emakume langilearen despolitizazioarekin amaitzeko aldizkari bat sortu zuten… Eta zer gutxi hitz egin izan den horretaz, zer gutxi balio duen zapalduon historiak.

Gauzak horrela, zalantza ugari sortu izan dizkit egungo Martxoaren 8ak. Amorrua sentitzen dut Emakumeon Nazioarteko Eguna irakurtzen dudan bakoitzean edota instituzioen aurpegi zuriketa edozein bazterretan ikusten dudanean. Eta amorru gehiago sentitzen dut Letizia Espainiako erregina edo Angela Merkel egun horretara batzen diren bakoitzean. Nire buruari galdetzen diot ea zerk elkartzen gaituen, zerk banatzen gaituen argi baitut: klase sozialak. Akaso, berdinak al dira ba herriko emakume enpresaburua eta bertako emakume langilea? Interes berdinak al ditu Nazioarteko Diru Funtseko Kristalina Georgievak edo emakume migrante batek? Argi dago emakume izenaren atzean errealitate oso ezberdinak daudela, eta badaudela gure zapalkuntza aprobetxatu eta sustatzen duten emakumeak ere. Beraz, emakumetasun horren baitan interes kontrajarriak ere badaude.

Horrenbestez, Martxoaren 8ari jartzen zaion izenaren auzia ez da azalekoa, ez da terminologiari lotutako eztabaida hutsa. Izenaren atzean izana dago, eta horregatik da beharrezkoa Emakume Langileon Eguna dela aldarrikatzea eta gure interesak lehen lerroan izatea egun horretan ere. Are gehiago, uste dut egun horretatik harago ezinbestekoa dela antolatzea, historiak erakutsi baitigu gure bizi baldintzak hobetzeko beharrezkoak direla proposamen politiko sendoak, erakundeen aurpegi zuriketaren aurrean, emakume langileon antolakuntza lehenetsi behar delako. Beraz, emakume langileon interesen defentsan, ni ere kalera irtengo naiz Martxoaren 8an, eta erakunde eta lege burgesa seinalatuko ditut. Eta batez ere, egun hori igarotzean, eguneroko lan politikoan jarraituko dut, emakume langileon emantzipazioaren aldeko borrokan.