Bizitzak pobretzen

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2021ko ira. 23a, 08:00

Pobrezia aipatzean, guztioi etortzen zaigu gogora kalean eskean dagoen edota zaborretan janari bila dabilen hori. Baina pobreziak milaka aurpegi ditu. Pobrezia jasaten dute elikadura eskasa izatera kondenaturik dauden familiek, lagunekin aisialdirako aukerarik ez dutenek, lana eta ikasketak uztartu ezinagatik unibertsitatera joan ezin dutenek edota berogailua pizteko gaitasunik ez duten familiek.

Izan ere, ditxosozko izurriteak, arrastaka generaman krisi kapitalistari bultzada ikaragarria eman dio ERTEak, kaleratzeak edota aldi baterako kontratu prekarioak eguneroko ogi direlarik gurean. Horri gasoilaren, elektrizitatearen, butanoaren eta gasaren edota oinarrizko produktuen prezioen gorakada gehitu behar diogu.

Zifra batzuk aipatzearren, abuztuko datuen arabera, olioaren prezioak %20ko gorakada izan du batez beste, fruta freskoarenak %4,6koa, arrautzek %3,5ekoa eta hegazti haragiak %3koa. Horri elektrizitatearen prezioaren igoera ere gehitu behar diogu. Joan den ostegunean, irailaren 16an, 21:00etatik 22:00etara, elektrizitatearen prezioan izan den daturik altuena izan genuen: 198,85 euro/MWh-ko (aurreko astean baino %33 gehiago). Urte bat atzera egin eta egun horretan bertan genuen prezioa ikusiko bagenu, konturatuko ginateke %268ko igoera izan duela. Butanoaren prezioak ere ez du beherakako joerarik izan, aurreko urtearekin alderatuta %34,37 igo baita, eta dieselaren prezioa, berriz, %23. Horrela, bizitzarako oinarrizkoak diren produktuen prezioak goraka ari diren arren, gure soldatak lehengo berdinak dira. Horren aurrean, gutxiengo soldataren igoera izan da instituzioen erantzuna. Baina gure oinarrizko produktuen prezioak soldatak baino gehiago igotzen badira, termino orokorretan, jaisten ariko dira soldatak.

Eta ikusten dugu nola bihurtu den komunikabideetan eta telebistan eguneroko mintzagai elektrizitatearen eta erregaien prezioen auzia. Eztabaiden muinean ezkerreko alderdi sozialdemokraten neurri «erradikalena» desjabetze eta enpresa horien nazionalizazioarena dugu. Baina ezin dugu ahaztu, enpresa nazionalizatuek, askoren usteekin kontrajarririk, ez dietela merkatuaren eta errentagarritasunaren logikari erantzuteari uzten. Estatu kapitalista batek enpresa bat nazionalizatzeak ez du, inondik inora, gaur egungo merkatu logikatik askatzen. Enpresa pribatuak eta estatua ezin ditugu modu bereizi baten ulertu, egun bata bestearen ezinbesteko kondizio baita.

Estatuen zorpetze estratosferikoa, erregaiak eskuratzeko gaitasun murrizketa (eta horrekin horien garestitzea), enpresen errentagarritasuna handitzeko beharrezko robotizazioak (horrekin lanpostuen suntsitzea) eta, orokorrean, kapitalismoaren zein merkatuaren logika suntsitzaileak etorkizun tamalgarri bat bakarrik eskaini ahal dio langile klaseari. Gaur egun, ezkerreko alderdi guztiek testuinguru suntsitzaile horri erantzuteko aterabide bakar gisa erreforma kapitalistak planteatzen dituzte, langileongan etsipena eta umiliazioaren zama jarriz.

Horregatik, guztiz beharrezkoa dugu Kontseilu Sozialistak martxan dituen dinamiketan parte hartu eta Oinarrizko Produktuen Biltegia bezalako proiektuak hauspotzea. Kolpatuen dauden familien momentuko behar jakin batzuei erantzutetik haratago, argi dagoelako kapitalismoaren gaindipenak soilik amai dezakeela pobreziarekin. Eta horretarako, lehen lerroan dugun eginbeharra antolakuntzan sakontzea da: langileon arteko elkartasuna eta antolakuntza komunista, gaurdanik sozialismoaren eraikuntzarako bideak eraiki eta bestelako mundu bat posible denaren ideia berreskuratzeko. Gaur, inoiz baino gehiago, sozialismoa ala basakeria.