Zergatik daude oraindik hainbeste indarkeria matxista kasu?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2021ko aza. 18a, 09:00

Sakelako telefono bidezko erasoak ohiko bilakatu dira. (Julene Frantzesena)

Badirudi gizartea asko aldatu dela azken urteotan. Garai batean ez bezala, gaur egun geroz eta jende gehiagok du bere burua feministatzat. Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak ere geroz eta gehiago entzuten dira, jada instituzio eta enpresa askoren aldarri ere bihurtu dira. Dudarik gabe, gizartean aldaketa kultural handia gauzatu dela ikusten da. Baina, hala ere, bada kezkatzen nauen zerbait: guztiok indarkeria matxistaren aurka gaudela dirudien arren, errealitateak ez digu gauza bera esaten. Gaur egun, zergatik dute oraindik goranzko joera indarkeria matxista kasuek? Aldaketa kulturalak edo legalak nahikoak al dira auzi honi aurre egiteko?

Datuei erreparatuta, argi ikusten da indarkeria matxista kasuak ez direla inondik inora gutxitu. Apirila eta ekaina bitarteko salaketa kopuruari begiratuz gero, Espainiako Estatuan 40.000 salaketa baino gehiago jarri zituzten 2019an, 33.338 2020an eta 40.168 2021ean. Datu horiek ez dute inondik inora indarkeriaren beheranzko joerarik adierazten. 2020. urtean salaketa gutxiago jarri ziren arren, konfinamenduaren ondorioekin lotu behar dugu hori. Azken batean, konfinamendu egoerak salaketa jartzeko zailtasunak eragiten zituen: isolamendua, ihes egiteko zailtasunak… Azpeitiko datuei ere erreparatu diezaiekegu: joan den astean Gizarte Zerbitzuetako teknikari buruari egindako elkarrizketaren arabera, indarkeria kasuak ez dira gutxitu, eta aurten hamabost kasu izan dituzte momentuz (aurreko urtearekin alderatuta, bikoitza).

Bestalde, gazteen artean gertatzen diren erasoak ere aipatu behar dira. Hezkuntzan askotariko esku hartzeak eginda ere, gazteen arteko indarkeria kasuek ez dute beheranzko joerarik adierazten. Espainiako Estatuko datuen arabera, nesken %25ek gehiegizko kontrola jasaten dute telefonoz, eta 2016-2019 arteko datuei erreparatuta, laukoiztu egin dira talde bortxaketak. Gainera, gaur egun jazarpen forma zehatz bat nagusitu da gazteen artean: jazarpen sexual birtuala. Daturen bat emateagatik, sexting (oniritzirik gabe adin txikikoen irudi sexualak bidaltzea) kasuak %25 hazi dira azken bost urteetan. Bestalde, sare sozialetan eta mundu birtualean gazteek ikusten duten edukia ere kontuan hartu behar da, zeinetan indarkeriazko bikote harremanak, guztiz toxikoak, bultzatzen diren. Uste dut horrek ondorio garbia duela gazteen heziketa sexualean eta jarrera batzuen normalizazioan.

Auzi honi aurre egiteko, hezkuntzan jarri izan da fokua, eta ikastetxeetan askotariko programak jarri izan dira martxan kultura matxistari aurre egiten saiatzeko. Hala ere, datuek esaten dute gazteen artean indarkeria matxistaren nolabaiteko normalizazioa dagoela. Hezkuntza ez baita ikastetxeetara mugatzen, gazteen hezkuntzan beste mila bitartekok ere parte hartzen dute: komunikabideek, sare sozialek… Horrela, hezkuntza programa isolatuek eraginkortasuna galtzen dute beste bitarteko horietan esku hartzen ez badugu.

Baina nola egingo diogu honi aurre? Hori da galdera garrantzitsuena. Guztiok diogu arazoa estrukturala dela, gizartearen oinarrian dagoela arazoa. Baina irtenbidea bilatzera joaten garenean, beti hanka motz. Aldaketa kulturaletara eta legaletara mugatzea da gaur egungo proposamena, aldaketa txiki horiek arazo estruktural bati aurre egingo balie bezala. Baina posible al da arazo estruktural bat kulturalki gainditzea? Ezin dugu pentsatu matxismoa forma ideologiko eta hezkuntza eredu moralista bitartez gaindi daitekeenik, gizartearen oinarria aldatu gabe. Kultura ez baita zerbait apartekoa, sistema beraren adar bat gehiago baizik. Horrela, aldaketa kultural horiek gauzatu nahi badira, nahitaez programa politiko iraultzaile bati esku emanda egon behar da, zeinak dominazio egitura oro suntsituko dituen. Horrela ez bada, posible al da indarkeria matxistarekin amaitzea?