Osasuna ala kontrola

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2021ko abe. 16a, 09:03

(Argazkia: Urola Kostako Hitza)

Dena gainditzen hasita geundela zirudien, "normaltasun zaharrera" itzultzeko moduan ginela. Hala saldu ziguten, izan ere; behin txertoa herritarren gehiengoak hartuta zuenean, amesgaiztoa amaituko zela. Osasun arloko profesional ugari lanik gabe ere utzi zituzten, gehiago beharko ez zirelakoan. Alabaina, gutxi iraun digu pozak. Laster hasi ziren intzidentzia tasen datuak ematen berriro ere, egoera larritzen ari zela erakusteko (nahiz eta infekzioa pairatzeko arriskua eta COVID-19aren forma larriak eta heriotzak nabarmen gutxitu diren). Eta hasi dira atzera ere, ustez, pandemiari aurre egiteko bideratutako neurriak ezartzen: COVID ziurtagiria da horietan lehena.

Badirudi geldialdi honetan ez dela erabakirik hartu pandemiari aurre egiteko dinamika aldatzeko. Agintariek lehengo lepotik dute burua. Osasun zentroak iritsi ezinda dauden garaian, kontsultak bertan behera utzita, PCR probak egitea eta kontaktu zuzenen bilaketa guztiz motelduta… Inbertsio nagusiak bestelako aterabide batean egiten jarraitzen dute: poliziari baliabide gehiago jarri eta lan baldintzak hobetu dizkiete, kontrol sistemaren aldeko apustua eginez. Zentzu horretan ulertzen dut nik COVID ziurtagiriaren auzia ere, jendartearen kontrolerako beste sistema bat bezala.

Izan ere, zer ekarpen egiten dio ziurtagiri horrek pandemia gainditzeko zereginari? Datuen arabera, herritarren %90 txertatuta dago. Beraz, ezin zaio inolaz ere egotzi intzidentzia tasen igoera txertatu gabeko jendeari. Are gutxiago kutsatze gehienak eskoletan eta lantegietan ari direnean gertatzen eta horietan sartzeko COVID ziurtagiririk behar ez denean. Beste behin, herritarrak jazartzean omen dago irtenbidea.

Nire ustez, ziurtagiriaren sistema ez da osasunari lotutako konponbidea, erabat bestelako hainbat aspekturi erantzuten dion araua baizik. Aurretik ere aipatu dut horietan lehena zein den; kontrol soziala gauzatzea. Krisialdi larri honek ekarriko duen bizimodu berrirako labanak zorrozten ari dira herritarren gaineko kontrola dutenak, agerikoa baita gizartearen pobretze nabarmena ari dela gertatzen eta horrek delinkuentziarako zein subertsiorako ateak irekitzen dituela. Bestetik, jendearen segregazioan ere eragiten du neurriak, oinarrizko eskubideak urratzen baitzaizkie txertoa hartu ez dutenei, paperik gabeko pertsonei... Orain arteko neurriekin egin duten bezala, gure sozializatze espazioetan ezarri dute COVID ziurtagiria erabili beharra, eta, horrekin batera, oinarrizko eskubideak mugatu dituzte. Eta hori egiteak ondorio latzak izango ditu hemendik aurrera ere.

Azkenik, ezin ditugu begiak itxi farmazia industriaren eta enpresa handien mafiaren aurrean. Enpresa pribatu boteretsuen esku dago txertoa, eta garbi izan behar dugu horien helburua ez dela mundua salbatzea, beren poltsikoak betetzea baizik. Horren adierazle dira, adibidez, Pfizer eta BioNTech enpresek pandemia betean txertoaren prezioa %25 igo izana eta oinarri zientifiko zalantzagarria duen hirugarren txertoa. COVID ziurtagiria, beraz, farmazia industriaren eta enpresa handien interesak babesten dituen neurri gisa ere uler daiteke. Garbi izan behar dugu osasun politika burgesek ez dutela gure osasuna lehenetsiko, kapitalismoaren interesen menpe daudelako.

Erabat bestelako mundu baten ametsetan gabiltzanoi ezinbestekoa zaigu hartzen diren neurrien oinarria aztertzea eta dagokigunean horiek salatzea. Horretan gabiltza, eta horretan jarraituko dugu.