Herritarrek kalera eraman dituzte Martxoaren 8ko aldarriak

Andoni Elduaien 2024ko mar. 9a, 09:38

Ozen entzun ziren aldarri feministak Urola Kosta eskualdeko kaleetan Emakumeen Nazioarteko Egunean. Mobilizazioak, protestak eta askotariko ekintzak antolatu zituzten atzo udalek, mugimendu feministek eta Itaiak.

Martxoaren 8a izan zen atzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Goizean zein arratsaldean, egun osoan zehar egin zituzten ekintzak eskualdeko herrietan, baina elkarretaratze eta manifestazio nagusiak iluntzean izan ziren. Hain zuzen, Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egin zituzten mobilizazioak herrietako talde feministek eta Itaiak deituta; gainerako herrietan ere askotariko ekintzak egin zituzten atzo. Aldarri feministak ozen oihukatu zituzten, izan jai giroko ekimenetan edo protesta ekitaldietan.