Lurraren Altxamendua mugimenduak Lasaon egindako ekintza salatu dute nekazarien sindikatuek eta baso jabeek

Aitziber Arzallus 2024ko api. 18a, 17:24
Gipuzkoako EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuetako eta Gipuzkoako Basoa elkarteko ordezkariak. (ENBA)

Lurraren Altxamendua izeneko mugimenduak Azpeitian eta Berangon (Bizkaia) 11.000 zuhaitz moztu zituela jakinarazi zuen joan den astean, eta gaur, Azpeitia eta Zestoa artean egindako ekintza hori gaitzetsi dute Gipuzkoako EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuek eta Gipuzkoako Basoa elkarteak.

Lurraren Altxamendua izeneko mugimenduak Azpeitiko Markes Bason eta Berangon (Bizkaia) 11.000 zuhaitz moztu zituela jakinarazi zuen joan den astean, eta gaur, Azpeitia eta Zestoa artean egindako ekintza hori gaitzetsi dute Gipuzkoako EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuek eta Gipuzkoako Basoa elkarteak, Donostian egin duten agerraldian.

Lurraren Altxamenduak Uztarriari joan den astean helarazitako oharraren arabera, Sañoa mendiaren magalean, Kutxabanken jabetzakoa den Lasaoko Markes Baso deituriko eremuan, gauzatu zuten ekintza. Hain zuzen ere, kriptomeria edo zedro japoniarra espezieko 10.000 zuhaitz ebaki zituzten, zortzi hektareako lur eremuan. Ekintza gauzatzeko eremu hori zergatik aukeratu zuten ere azaldu zuen taldeak: Hernio eta Izarraitz arteko korridore ekologikoa izan beharko lukeen tokian Piaspe zentral eolikoa eraikitzeko proiektuak bidea egiten jarraitzen duelako, eta, gainera, "eragin oso kaltegarria duten milaka hektareako ustiaketak daudelako".

Taldearen arabera, "asko hitz egiten da eukaliptoaren hedapenari buruz –1.500 hektarea Gipuzkoan–, ez horrenbeste orain gehiago zabaltzen ari diren kriptomeriez –2.500 hektarea– eta sekuoiez –1.500 hektarea–". Espezie horiek ere pinudiak ordezkatzeko sartzen dituztela dio taldeak, epe motzean etekin ekonomiko partikularrak lortzeko helburuz. "Ondasun kolektiboa diren mendiak eta bertako bizia pobretzen dituzte, kalte larriak dakartzate. Kalte horien artean daude pisten irekiera, makineria astunaren bidez egindako arraseko mozketak, lurzoruaren higadura larria edota ekosistema eta espezien galera, besteak beste. Ekoizpen basati hori oinarrizko beharrizanak ez diren merkatuak asetzera bideratzen da".

Sañoa magalean dagoen Markes Basori dagokionez, Lurraren Altxamenduaren iritziz "iraingarria da Kutxabank bezalako jabe pribatu handi batek nola lehenesten dituen bere milioika euro irabaziak". Erakunde horrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.000 hektarea inguruko azalera hartzen duten baso landaketak ustiatzen dituela esan du taldeak, horietako gehienak hazkunde azkarreko monolaborantzara bideratutakoak. "Nahiz eta irudia zuritu nahian baso kudeaketa jasangarrian oinarritzen direla saltzen duten, lurrarekiko eraso handienetakoa egiten ari dira".

Lurraren Altxamendua taldeak, Markes Basoko ekintza bere gain hartzeaz gainera, baso industrialen, makroproiektu eolikoen eta beste egitasmo txikitzaileen kontra zuzenki parte hartzera dei egin die herritarrei. "Natura eta pertsonen zapaltzaile den sistema kapitalistari aurre egin nahi badiogu, ezinbestekoa zaigu makinaria suntsitzailea indargabetzea, ekintza zuzena baliatzea eta lurra milioika eurotako etekinetara bideratzen dutenei galerak eragitea".

Lurraren Altxamendua mugimenduak Lasaoko Markes Bason egindako zuhaitz mozketak. (Utzitakoak)

Salaketa agerraldia

Lurraren Altxamenduak gauzatutako ekintza horren aurrean "haserre" agertu dira gaur Gipuzkoako EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuak eta Gipuzkoako Basoa elkartea. Berangoko zuhaitz mozketen berririk ez dutela esan dute, baina baieztatu dute Azpeitian eta Zestoan 7.000 zuhaitz inguru moztu dituztela "arrasean", baita moztutako zuhaitzak egurgintzan erabili ohi den kriptomeria espeziekoak direla ere.

Sindikatuek eta baso jabeen elkarteak adierazi dutenez, "sabotajeak ez dira gauza berria gure mendietan", baina ohartarazi dute azken asteetan "erasoek beste kutsu eta tamaina bat" hartu dutela, "geroz eta zuhaitz espezie eta lur jabe gehiagoren kontra" egin dituztelako. Gaurko agerraldia baliatu dute erasoak jasan dituzten baso jabeen jarduera aldarrikatzeko. "Basokoa da herri honetan egiten den aktibitaterik berdeena. Landareak sartu, zaindu hazten laguntzeko, garbitu, eta bere garaian ekoiztutakoa bildu, gizarteari egurra eskaintzeko. Trantsizio ekologikoarekin betetzen zaigu ahoa, jasangarritasunarekin, berriztagarriak diren materialak erabili eta petrolio edo eratorrien alternatibak bilatzearekin. Horiek denak ditu basoko ekoizpenak. Eta hala ere, ugaritzen ari diren gertakari lotsagarri batzuk salatu beharrean aurkitzen gara". Halako ekintzen helburua "baso jabea izutzea" dela esan dute, "material sintetikoaren, burdinaren eta hormigoiaren lurraldean, gizarteari esanaz landareak direla krisi ekosozialaren erantzule".

Lur sailen jabeek salaketak jarri dituzte, baina agerraldia egin duten elkarteek ez dute uste ikerketak aurrera egingo duenik. Erakunde publikoen eta alderdi politikoen babesik ez dutela adierazi dute, eta eskatu dute zuhaitz mozketen erantzuleak identifikatzeko, kaltetuei galeren %100 estaltzeko kalte ordainak emateko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak birlandatzeak laguntzeko.

Hain zuzen ere, Gipuzkoako diputazioak "gaitzespen irmoa" adierazi du mozketen aurrean, eta elkartasuna adierazi die "ekimen bandalikoak" jasan dituzten baso jabeei. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuaren hitzetan, halako ekintzak "onartezinak" dira. "Natura eta ekologismoa aitzakiatzat hartuta, basoen berritzeari eta ingurumenari kalte egiten diote, pertsonen eskubideak eta gizarte gisa partekatzen ditugun arauak urratzen dituzte". Basogintza defendatu du Arrutik, bere hitzetan, "ongizatea eta lurralde oreka berdea" bermatzen dituelako.

Hainbat ekintza

Markes Basoko ekintza ez da Lurraren Altxamenduak gauzatu duen aurrenekoa. Iazko abuztuan "Azpeitiko zuhaitz landaketa industrial batean" beste ekintza bat egin izana aldarrikatu zuen taldeak. Zehazki, "monolaborantzan egindako zuhaitz landaketa batean milaka eukalipto kaltetu" zituztela adierazi zuten ordukoan.

Europako zenbait herrialdetan antzeko ekintzak ere aldarrikatu ditu mugimenduak; esaterako, Alemanian eta Frantzian. Azken horretan, taldea legez kanporatzeko erabakia hartu zuen gobernuak, baina erabakia baliogabe utzi zuen Frantziako Estatu Kontseiluak.