Goikoetxea VI.a zestoarra txapeldun eta Gurrutxaga aizarnazabaldarra txapeldunorde, Berria erremontxe txapelketan

Ihintza Elustondo 2024ko api. 20a, 17:43

Berria erremonte txapelketako finalistak. (Oriamendi)

Berria erremonte txapelketako finala jokatu dute Goikoetxea VI.ak eta Jabalerak Gurrutxagaren eta Aiestaran VI.aren aurka, Galarretan. Set bana irabazi dute bi bikoteek, eta beraz, hirugarren saioan erabaki da txapela. Azkenean, zestoarrak irabazi du finala.

Goikoetxea VI.a zestoarra eta Gurrutxaga aizarnazabaldarra aurrez aurre izan dira gaur, Berria erremonte txapelketako final handian. Goikoetxea VI.ak Jabalera izan du bikote txapelketan; Gurrutxagak, berriz, Aiestaran VI.arekin osatu du bikoa. Azken jardunaldira iristeko jokatu dituzten lau partidak irabazi dituzte bi bikoteek, eta gaur elkarren aurka neurtu dituzte indarrak Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan. Azkenean, Goikoetxea VI.a eta Jabalera izan dira nagusi.

Lehen seta 4 eta 15 irabazi dute Goikoetxea VI.ak eta Jabalerak. Bigarren setean, berriz, Gurrutxaga eta Aiestaran VI.a gailendu dira, 15 eta 12. Azken setean erabaki da finala, beraz; zestoarrak eta haren bikoteak 1 eta 8 hartu dituzte mendean aurkariak, eta beraz, haientzat izan da txapela. Goikoetxea VI.a "oso gustura" agertu da finala amaitu berritan.