Herritarren erdiek inguruk eman dute botoa Urola Kostan 18:00ak bitartean

Ihintza Elustondo - Maria Maya Manterola 2024ko api. 21a, 19:31
Herritar bat botoa ematen, Errezilen. (Iraia Oteiza)

Getarian izan da parte hartze altuena, %63,04koa, eta Azpeitian txikiena, %49,46koa. Gipuzkoan botoa emateko eskubidea dutenen %50,7k eman dute boza 18:00etara artean. Datuen arabera, dagoeneko gauza jakina duela lau urte egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino handiagoa izango dela parte hartzea.

Eusko Jaurlaritzak eguerdian jakinarazi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehen parte hartze datua, eta orain gutxi jakinarazi du arratsaldekoa. Hain justu, 18:00ak arteko parte hartze datuak eman dituzte: Aian, %50,03koa izan da parte hartzea; Aizarnazabalen, %50,09koa; Azkoitian, %53,77k bozkatu dute; %49,46koa izan da parte hartzea Azpeitian; %51,85ek bozkatu dute Beizaman; Errezilen, %50,33k eman dute boza; Getarian jaso da eskualdeko daturik altuena, %63,04ko parte hartzearekin; Orion, %52,54 bertaratu dira hauteslekuetara; %55,91ko datua jaso dute Zarautzen; Zestoan, %51,26k eman dute botoa; eta Zumaian, parte hartzea %54,90ekoa izan da.

Gipuzkoan, berriz, %50,73koa izan da bigarren parte hartze datua; %36,7koa izan zen duela lau urte. Araban, %48,73k eman dute botoa 18:00etarako, %33,2koa izan zen arratsaldeko parte hartzea 2020an; eta Bizkaian izan da ehuneko altuena, %51,87koa, hain zuzen. 2020an, %27,43koa izan zen ehunekoa lurralde horretan.

Hiru lurraldeak kontuan hartuta, %51,03ko parte hartzea izan da arratsalderako. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hamabost puntu egin du gora parte hartzeak, %36koa izan baitzen orduan. Dena den, gaurko parte hartze datuak ez dira erabat konparagarriak aurreko hauteskundeetakoekin; izan ere, gaur, 13:00etan eta 18:00etan erregistratu dituzte parte hartzeari buruzko datuak, orain arte egin ohi zutena baino ordubete geroago, 14:00etan eta 19:00etan jakinarazi baitituzte.

Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.