Eskualdeko hiru lagun eseriko dira Legebiltzarrean

Aitziber Arzallus 2024ko api. 23a, 10:50

Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarra (EAJ), Garikoitz Mendizabal zestoarra (EAJ) eta Itziar Murua zarauztarra (EH Bildu) dira Eusko Legebiltzarrean jarlekua izango duten Urola Kostako hiru herritarrak.

Ostiralean zenbatuko dituzte Atzerrian bizi diren Egoiliarren Hautesle Erroldan izena emanda dauden 8.197 arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren botoak, baina horien faltan, igande iluntzean nahikoa erabakita gelditu zen datozen urteetan alderdi bakoitzak Eusko Legebiltzarrean zenbat eserleku izango dituen: EAJk eta EH Bilduk 27na izango dituzte, PSE-EEk hamabi izango ditu, PPk zazpi, eta Sumarrek eta Voxek bana. Eta Legebiltzarreko eserleku horietako hiru Urola Kostako herritarrek beteko dituzte; Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarrak (EAJ), Garikoitz Mendizabal zestoarrak (EAJ) eta Itziar Murua zarauztarrak (EH Bildu).

EAJren Gipuzkoako zerrendan hirugarrena zen Arrizabalaga eta bederatzigarrena Mendizabal. Jeltzaleek bederatzi eserleku lortu dituzte Gipuzkoan, eta horrenbestez, legebiltzarkide izango dira biak. Ez, ordea, zerrendan hamaikagarrena zen Ane Gil azpeitiarra eta hamabigarrena zen Jon Ander Azpiroz aiarra.

EH Bilduk, berriz, 11 eserleku lortu ditu Gipuzkoan, eta horietako bat Muruak beteko du, koalizioaren Gipuzkoako zerrendan hirugarren lekuan aurkeztu zelako. Zerrendan hemezortzigarren aurkeztu zen Arritxu Iribar zumaiarrak eta hogeigarren lekuan aurkeztu zen Anuska Esnal oriotarrak ez dute jarlekurik izango.

PSE-EEren zerrendako hamabigarrena zen Inaxio Illarramendi zarauztarra eta 21. postuan aurkeztu zen Janire Igoa azkoitiarra ere aulkirik gabe gelditu dira.