Eskualdeko sei herri lehiatuko dira pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 25a, 09:42
Gipuzkoako Herriartekoaren zozketan izan ziren klubetako ordezkariak eta antolatzaileak Anoetako eskaileretan, atzo. (Gipuzkoako Pilota Federazioa)

Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak parte hartuko dute eskuzko txapelketan; Zestoa gomazko paletan ere ariko da, Aia, Zarautz eta Zumaiarekin batera; eta Zumaia da zesta puntako txapelketan lehiatuko den hiru herrietako bat. Maiatzaren 5ean hasiko dira kanporaketak jokatzen esku pilotan eta gomazko paletan, eta maiatzaren 12an hasiko da zesta puntako ligaxka.

Gipuzkoako Pilota Federazioak atzo egin zuen Donostian aurtengo Herriarteko Txapelketaren zozketa. Bost modalitatetan jokatuko dute Gipuzkoako Herriartekoa, eta horietako hirutan –eskua, gomazko paleta eta zesta punta– daude Urola Kostako ordezkariak; larruzko paletan eta pala motzean, aldiz, ez dira lehiatuko eskualdekoak.

Esku pilotakoa da Herriartekoan tradizio eta sona handienak dituen txapelketa, eta aurten ere modalitate horretako txapelketak du parte hartzaile zerrenda luzeena: hemezortzi herrik parte hartuko dute eskuzko txapelketan, eta tartean izango dira Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa. Maiatzaren 5ean hasiko da eskuzko lehia, final hamaseirenetako joaneko partidekin. Eskualdeko herriei dagokienez, Azkoitia bakarrik lehiatuko da lehen kanporaketa horretan eta Aduna izango da Oteiza elkarteko pilotarien aurkaria; Adunan jokatuko dituzte joaneko neurketak. Kanporaketa hori gainditzen badu, Astigarraga-Hernani kanporaketaren irabalearen kontra jokatuko du Azkoitiak final zortzirenetan.

Bigarren kanporaketa horretan, maiatzaren 19an, ekingo dio lehiari Zestoak; final hamaseirenetako Beasain-Tolosa kanporaketaren irabazlearekin neurtuko dituzte indarrak Zestoakoek, eta joanekoa etxetik kanpo jokatuko dute.

Eta Zestoak kanporaketa hori gainditzen badu, Azpeitia izango du zain final laurdenetan, ekain hasieran. Aurreko zortzi edizioetako finalak jokatu eta horietatik bost irabazi ditu Azpeitiak. Azken hiru finalak Oiartzunen kontra jokatu dituzte Ilunpekoek, 2021ekoa irabazi eta beste biak galduz. Aurten segurua da aurreko hiru edizioetako finala ez dela errepikatuko: final laurdenak gainditzen badituzte, finalaurrekoetan ariko dira aurrez aurre Azpeitia eta Oiartzun. Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 29an izango da.

Gomazko paletan, lau

Gomazko paletako Herriartekoan izango du ordezkaritza zabalena Urola Kostak. Txapelketan parte hartuko duten hamalau herrietatik lau dira eskualdekoak: Aia, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

Eskuzko lehian bezala, gomazko paletakoan ere maiatzaren 5ean eta final hamaseirenetako joaneko neurketekin ekingo diote txapelketari. Lehen kanporaketa jokatuko duten lau herrietako bi dira Aia eta Zumaia: Deba izango da Aiakoen aurkaria eta itzulerako partidak jokatuko dituzte Aian; Zumaiako palistek, berriz, etxean hasiko dute Tolosaren aurkako kanporaketa.

Lehen kanporaketa hori gainditzen badute, final zortzirenetan Andoain eta Oiartzun izango dituzte aurkari, hurrenez hurren, Aiak eta Zumaiak. Eta kanporaketa horretan hasiko da txapelketa Zarauzko eta Zestoako palistentzat, maiatzaren 19an. Zarautzek Zumarraga hartuko du etxean joaneko partidan, eta Zestoak Errenterian ekingo dio lehiari. Ekainaren 30ean izango da gomazko paletako Herriartekoaren finala.

Hirukotea zesta puntan

Zesta puntan, aurreko urteetan ere elkarrekin lehiatu izan diren hiru herriak arituko dira aurten ere Gipuzkoako Herriartekoan: Hondarribia, Mutriku eta Zumaia.

Erremintako modalitate honetan sei jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta horko bi onenek jokatuko dute finala. Puntistak izango dira Herriartekoa hasten berantiarrenak –maiatzaren 12an jokatuko dute lehen jardunaldia Hondarribiak eta Mutrikuk– eta bukatzen goiztiarrenak –ekainaren 23an izango da finala–.

Zumaiako pilotariak bigarren jardunaldian sartuko dira lehian; Hondarribia hartuko dute maiatzaren 19an Aitzurin.