Emakumeen Pala Txapelketa, kanporaketei ekitear

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 25a, 12:30
Emakume palista bat pilota jotzeko prest, Urtetan. (Manu Iruretagoiena)

Multzoen fasea amaituta zehaztu dute zein bikote sailkatu diren zuzenean final laurdenetara, zeintzuk jokatu beharko dituzten final zortzirenak eta zeintzuk izan diren kaleratuak. Getariako Nerea eta Andoni Pala Memorialari lotuta, berriz, izen ematea gaur zortzi zabalduko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Zarautz Kirol Elkarteak antolatuta, Emakumeen Pala Txapelketa jokatzen ari dira bigarren urtez jarraian, Urtetako frontoian, eta atzo amaitu zuten multzoen fasea. Hori horrela, datorren astelehenean final zortzirenetako kanporaketei ekingo diete.

Zentzu horretan, "pozik" daude antolatzaileak aurtengo bikote kopuruarekin; izan ere, ia bikoiztu egin dute lehenengo ediziokoa: hamasei bikotek eman dute izena orotara, eta bederatzi izan ziren iaz. Gainera, nabarmendu dute zabala dela pilotarien adin tartea: "Geroz eta emakume gehiago daude prest kirol txapelketetan parte hartzeko; 40 urtetik gorako emakumeak daude, eta 17 urteko gazteak ere bai".

Parte hartzaile kopuruan izandako gorakadak eragin du, halaber, antolatzaileek txapelketaren sistema berritu behar izatea. Hala, lau multzotan banatu dituzte hamasei bikoteak eta multzo bakoitzeko onenak final laurdenetara sailkatu dira zuzenean. Bigarren eta hirugarren sailkatu direnek, aldiz, final zortzirenak jokatuko dituzte, eta laugarren postuan geratu direnek ez dute txapelketan aurrera jarraitzeko aukerarik izango, kaleratu egin dituztelako zuzenean.

Urtetako frontoian sortutako giroarekin ere "oso gustura" agertu dira antolatzaileak: "Jende ugari joaten da partidak ikustera, batzuk beraien seme-alabekin, beste batzuk gurasoekin, amonarekin edo lagunekin... Kontuan hartu behar da astelehenetan eta asteazkenetan izaten direla, 18:00etan hasita".

Getarian txapelketa mistoa

Zarauzko Emakumeen Pala Txapelketa maiatzaren 24an, ostirala, amaituko da. Orduan jokatuko dituzte finalak. Nolanahi ere, emakume palistek izango dute beren afizioaz gozatzen jarraitzeko aukera; izan ere, Getarian Nerea eta Andoni Pala Memoriala antolatu dute hirugarrenez. Hori bai, parte hartu nahi badute, gizonezko batekin bikotea osatuta egin beharko dute, mistoa delako txapelketa.

Horrez gain, antolatzaileek gogoratu dute parte hartzaile kopurua mugatuta dagoela: hamasei bikotek jokatu ahalko dute gehienez. Beraz, izena emateko interesa dutenek bizi ibili beharko dute. Inskripzioak doakoak izango dira, eta palamemoriala@gmail.com helbidera mezua idatzita egin beharko dira maiatzaren 2tik aurrera. Azken eguna hilaren 31 izango da, baldin eta plaza librerik badago. Txapelketa, berriz, ekainaren 1ean hasi eta amaituko dute, egun bakarrekoa izango baita. 09:30ean ekingo diote lehiari, eta 15:00etarako amaitzea aurreikusten dute.