Osasun arloko negozioen digitalizazioari loturiko hiru prestakuntza saio antolatu ditu UKUEk

Julene Sorarrain 2024ko mai. 7a, 09:00

Artxiboko argazki bat. (Hitza)

Jardunaldiak osasunaren arloko ekintzaileei, autonomoei edo mikroenpresei zuzenduta daude. Izen-ematea zabalik dago eta saio baterako edo gehiagorako eman daiteke izena.

Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko enpresen eta negozioen digitalizazioarekiko konpromisoan, osasun-arloko ekintzaile, autonomo eta mikroenpresei zuzenduriko prestakuntza saioak antolatu ditu.

Saio guztiak SPRIk garatutako "Inplantalariak - EIKT soluzioak ezartzea" proiektuaren baitan jasotzen dira eta helburu dute, hain zuzen, aipatu hartzaileen negozio zein enpresak hobetzeko teknologia berrien erabilpenari ahalik eta etekin handiena ateratzen erakustea.

Hala, prestakuntza-jardunaldi horien bitartez, UKUEk irtenbide teknologiko eraginkorrak ahalbidetzeko tresnak jarri nahi ditu osasun-arloko negozioen eskura, horrela, denboraren kudeaketa hobea eta pazienteari arreta eraginkorragoa eta modernoagoa eskaini ahal dezaten.

Prestakuntzaren helburua, beraz, ez da tokiko negozioen lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetzea soilik, baita osasun-sektoreko zerbitzuaren kalitatea indartzea ere, komunitatearen ongizatearen mesedetan.

Jardunaldien xehetasunak

Saioetan gai desberdinak landuko dira, hala nola, pazienteen arreta eraginkorra lortzeko gakoak, paziente berriak erakartzeko online ikusgarritasunaren optimizazioa eta egungo teknologiaz baliatuta kontsulta medikoen kudeaketaren hobetzea, besteak beste, WhatsApp Business, laguntzaile birtualak edota marketin digitaleko tresnak erabiliz (ChatGPT eta Copilot).

Jardunaldiak Udal Elkartearen egoitzan egingo dira, ostiraletan, 09:30etik aurrera, eta saio bakoitzak hiru orduko iraupena izango du. Maiatzaren 17an eta 31n eta ekainaren 14an egingo dira. Izen ematea dagoeneko zabalik dago eta ondorengo estekan egin daiteke, saio baterako edo gehiagorako. Formakuntza guztiz doakoa izango da.

Informazio gehiagorako 943-89 08 08 telefonora deitu daiteke baita enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi ere.