'Aita Mari' itsasontziari "babesa" erakutsi diote Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek gaur Getarian

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 7a, 11:00

Aldundiko eta Itsas Salbamendu Humanitarioko ordezkariak, gaur Getariako portuan. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteko ordezkariekin bildu dira, eta langileekin eta boluntarioekin egoteko tartea ere izan dute. Eider Mendoza ahaldun nagusiak esan du "Gipuzkoako baliorik onenak" islatzen dituela "dagoeneko ehundaka bizitza salbatu dituen ontziak", eta boluntario guztien lana txalotu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat ordezkari izan dira gaur Getarian Aita Mari itsasontzia bisitatzen –han dago egunotan– eta hari "babesa" eskaintzen, tartean Eider Mendoza ahaldun nagusia. Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteko ordezkariekin bildu dira, eta langileekin eta boluntarioekin egoteko tartea ere izan dute. Mendozak esan du "Gipuzkoako baliorik onenak" islatzen dituela "dagoeneko ehundaka bizitza salbatu dituen ontziak", eta boluntario guztien lana txalotu du.

Mendozarekin batera izan dira Getarian Azahara Domingez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Ion Gambra Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendaria eta Ana Priede Lankidetza zuzendaria.

Giza eskubideak azpimarratuz

Mendozak azpimarratu du "itsasoko eskubideari buruzko Nazio Batuetako Konbentzioaren 98. Artikuluan jasota dagoen eskubidea" dela itsasoan desagertzeko arriskuan dauden pertsonei laguntza ematea, eta hori dela Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak burutzen duen lana: "Duela bederatzi urte abiatu zen lehen aldiz Pasaiako portutik Aita Mari ontzia Mediterraneorantz, eta ordutik milaka pertsonari eman die laguntza eta ehunka dira salbatu dituzten bizitzak. Erabat miresgarria da egiten dutena; gure lurraldeko baliorik onenak islatzen ditu proiektu honek, itsaso zabalera eta egoera benetan gogorretara elkartasuna, itxaropena eta babesa eramanez".

Erakundeen eta gizartearen konpromisoa ere aldarrikatu ditu ahaldun nagusiak: "Ezin dugu ahaztu eta ezin dugu ohikotzat hartu Europako hainbat tokitan, batez ere Mediterraneoan, egunero bizitzen ari den egoera dramatikoa. Bizitza hobe baten bila gerrak, gatazkak eta nekeak atzean uztea erabakitzen duten pertsonei arreta eta harrera egiteko orduan giza eskubideek, elkartasunak eta giza duintasunak gidatu behar gaituzte. Horretarako beharrezkoa da erakundeon konpromiso irmoa, eta gizarte osoaren engaiamendua".