Herritarrak berdintasunera bidean hezteko hainbat ariketa egiten ari dira Merkatu Plazan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 10a, 10:00

Zertan sentitu zara diskriminatua? sentsibilizazio ekintza eta haurrentzako eskulanak antolatu dituzte Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko egunaren harira Zarauzko Udalak prestatutako egitarauaren barruan.

Zarauzko Udalak Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko egunaren harira antolatu duen egitarauaren barruan hainbat ekintza egiten ari dira asteburuan. Merkatu Plazan, gehienak.

Hala, atzo arratsaldean, Zertan sentitu zara diskriminatua? sentsibilizazio ariketa antolatu zuten, eta, bertaratuek, gizon nahiz emakume beren sexuen araberako bolatxoak hartu behar izan zituzten (laranjak emakumeek eta urdinak gizonek), ondoren kutxetan sartzeko beren bizitzetan inoiz diskriminaziorik sentitu badute. Gaur ere izango da ariketa egiteko aukera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Horrez gain, haurrei bideratutako ekintzak antolatu zituzten. Eskulanak, hain zuzen ere. Hori horrela, etorkizunean izan nahi duten lanbidea marratzeko eskatu zieten txikiei, eta, ondoren paretan itsatxi zituzten marrazki guztiak. Aurrez aipatu sentsibilizazio ekintzarekin bezalaxe, gaur ere haurrek izango dute beraiei zuzendutako jarduerarik Merkatu Plazan. Ipuin kontaketa saioa 12:00etan hasita, eta eskulanetarako aukera berriro ere 17:00etan.