Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendi: "Feministak gara eta gure ideiak emakumeei lotuta daude beti"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 26a, 12:00
Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendi, Donostiako pasealeku berrian, 2023ko zinemaldian. (Utzitakoa)

Arnasa betean. A pulmon dokumentala eskainiko dute gaur arratsaldean Modelo aretoan, 19:30ean hasiko den saio originalean. Emakume zinegileei erreparatzen dio ikus-entzunezkoak itsaspetik eta hura ondu duten Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendi kazetariek nondik norakoak azaldu dituzte.

Zinemagintzan indarra hartzen ari den aldarria da emakume zuzendari gehiago eskatzen dituena. Zuek, hain justu, horri erreparatu diozue gaia eta hiru urpekariren bitartez gidatu duzue kontakizuna. Zergatik erabaki duzue hala egitea? Zer eragin nahi zenuten ikuslearengan?

Bertha Gaztelumendi: Metafora da, guk itsaspean kokatzen dugulako oraindik ere emakume zinegileen mundua. Azken finean, izenburuak berak ere Arnasa betean. A pulmon horri egiten dio erreferentzia emakumeek egiten duten zinemari laguntzarik gabe eta finantzaketa gutxiagorekin egin behar izaten dutelako lana. Horregatik, iruditzen zitzaigun dokumentala itsaspean kokatzea oso emankorra izan zitekeela narraziorako: lasaia edo lagungarria izan daitekeelako itsasoa, batetik, baina, etsai ere bihurtu daiteke, bestetik. Hala, dokumentaleko urpekariak baliatu ditugu itsasondoan dauden emakume zinegileak erreskatatzeko.

Elkarrekin dokumental bat zuzendu duzuen lehenengo aldia izan da. Zuretzat, Rosa, lehenengoa, gainera. Zer nolakoa izan da esperientzia?

Rosa Zufia: Egia da, lanaren alde bat ezaguna zitzaidala, hainbat urtez ETBko kultura eta zinema saioetan egin dudalako lana. Hala, banekien zer zen edizioa edo elkarrizketak egitea. Hala ere, bazen ezezaguna zitzaidan beste alde bat ere: filmazio handi batean sekula parte hartu gabe nengoen eta ikus-entzunezkoaren planteamendua bera egitea ere berria izan da niretzat, oso bestelakoa baita telebistan eta zineman. Zentzu horretan, oso aberasgarria eta interesgarria iruditu zait, baita gogorra ere jauzi handia izan delako eta gauzak asko zaildu direlako batzuetan. Dena den, gaiak berak ere asko erakartzen ninduen, pizgarria zen biontzat, oso gertutik bizi izan dugulako.

Zentzu horretan, banekien norekin ari nintzen lanean Berthak eta nik aspalditik ezagutzen dugulako elkar. Batera lan egin genuen telebistan eta konfiantza osoa nuen harengan. Gainera, hark film gehiago egin ditu aurrez, eta, esperientzia hori oso lagungarria izan da niretzat ere.

Rosak aipatu du zuk, Bertha, aurrez egin dituzula lan gehiago. Dokumentalak guztiak. Genero horretan espezializatu zara.

B. G.: Bai, eta modu naturalean barneratu naiz, ni ere telebista mundutik natorrelako. Dena den, ni ere berandu hasi naiz zinemagintzan beste emakume asko bezalaxe. Dokumentalak egiten eroso sentitzen naiz eta genero gertukoena iruditzen zait bururatzen zaizkidan gaiak lantzeko.

Orain arte egin dituzun dokumental guztietan emakumeak izan dira protagonista, edo presentzia oso garrantzitsua izan dute, behintzat. Zure inspirazio iturria dira?

B. G.:  Ez da ezer bilatua izan, baizik eta argumentuak horrela etorri zaizkit. Oraingoan lankide izan dudan Rosa bezalaxe, feministak gara biok eta bertatik begiratzen diogu gizarteari. Horregatik, nire interesak eta ideiak emakumeei lotuta daude beti.

R. Z.: Elkarrekin lan egin izan dugun zinema saioak asko lotu gaitu Bertha eta ni, ETB1eko Ikusmira saioan ezagutu genuen elkar eta zinemaldietara joan behar izaten genuenean beti elkarrizketatu behar izaten genituen gizonak ez zegoelako emakume zinegilerik. Beti izan genuen kezka hori eta gertutik jarraitu dugu emakume zinegileen garapena gaurko egunera arte.

Zer nolakoa izan da Arnasa betean. A pulmon ikus-entzunezkoa orain arte jaso izan duen harrera?

B. G.: Oso ona, eta ez dut esaten gurea delako. Dokumentala ikusi duten guztiak oso pozik atera izan dira zinema aretotik. Egia da ez dela samurra azaltzea emakume zinegileei buruzko dokumental ikustera zoazela, jendeak lan astunagoa espero duelako. Gu, ordea, zerbait arina eta entretenigarria egiten ahalegindu ginen, mezuak eta aldarriak argi eta garbi adierazita, aldi berean. Horregatik, kontakizuna itsaspean kokatzea eta bertatik bideratzea erabaki genuen, esan bezala, eta horrek eskaintzen dituen irudiekin eta soinuekin lortu dugu erakargarria izatea ikusleentzat eta oso iritzi onak jaso ditugu.

R. Z.: Behin dokumentala ikusita, ikusleengan kuriositatea eragitea zen gure helburuetako bat eta hori ere lortu dugu. Dokumentalean, emakumeek zuzendutako hainbat filmetako zatiak txertatu ditugu, eta ikusleetako asko film horiek ikusteko gogoarekin atera dira zinematik. Horregatik, filmen zerrenda eskatu digu batek baino gehiagok. Alde horretatik, beraz, ezin hobea izan da harrera.