Eskulanen plaza izango da Lege Zaharren Enparantza gaur eta bihar

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 28a, 17:00

Nahia elkarteak antolatuta artisautza egiten ari dira goizetik hasita. Dozenatik gora postu jarri dituzte eta orotarikoa da aukera.

Aste Santuko egunak baliatuta, artisautza azoka antolatu du Nahia elkarteak. Hala, herriko eta inguruko sortzaileen topaleku izango da Lege Zaharren Enparantza Ostegun eta Ostiral Santuan; izan ere, bihar arte iraungo du azokak. Egun osokoa izango da, gainera, 10:30ean hasi eta 20:30 artekoa, hain zuen ere.

Bada, hainbat herritarrek jada aprobetxatu dute aukera eskuz egindako produktuak erosteko. Dozenatik gora postu jarri dituztenez, zabala da aukera: janztekoak dira produktuetako asko, poltsak, zapiak, bitxiak edota kamisetak, baina ez guztiak; izan ere, haurrentzako jolasak ere badira eskainitako produktuen artean, baita ukenduak edota etxerako apaingarriak ere.