Zarautz Kirol Elkarteko gizonezkoen eskubaloi talde nagusia, Amenabar, Espainiako Lehen Maila Nazionaleko C multzoko lehenengo postuan sailkatu da. Liga amaitzeko hiru jardunaldi falta dira oraindik, baina orain arte jokatutako 27 partidetatik 25 irabazita jada bermatu du bere multzoko talde onena izango dela eta igoera fasea jokatuko duela.
Hori horrela, taldeak denboraldi hasieran bere buruari jarritako lehenengo helburua bete du eta joan denboraldian galdutako Zilarrezko Mailara itzultzeko fase erabakigarria jokatuko du Lehen Maila Nazionaleko beste bost multzoetan aritu diren talde onenen aurka. Multzo bakoitzetik bi taldek baino ez dute jokatuko igoera fase hori; hamabi taldek, orotara, eta lauko hiru multzotan banatuko dituzte. Multzo bakoitzeko lau taldeek elkarren aurka jokatu beharko dute egoitza berean eta bakarrak lortuko du mailaz igotzea.
Igoera fase horietako norgehiagoka guztiak maiatzaren 17tik 19rako asteburuan jokatuko dituzte, baina Amenabarrek oraindik ez daki non eta zein talde izango dituen aurkari; izan ere, Zarauzko taldearekin batera beste hiruk soilik dute txartela bermatuta, oraingoz: B multzoko Soriak (Gaztela eta Leon, Espainia), D multzoko Cantera Surrek (Almeria, Andaluzia, Espainia) eta F multzoko Trianak (Sevilla, Andaluzia, Espainia).
Emakumezkoen Aiala taldeak, berriz, ez du lortuko maila igotzeko faserako sailkatzea. Zilarrezko mailan ari da ZKEren taldea, eta, liga amaitzeko azken jardunaldiaren faltan, jada ez du aukerarik. B multzoko bosgarren postuan amaituko du liga.