Juantxo Unzueta: "Maitagarriak dira orkideak; maitemindu egiten zara"

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2024ko api. 19a, 13:00

Zarauzko orkideen mapa osatu berri du Juantxo Unzueta (Zarautz, 1956) naturzale eta Arkamurkako kideak. Guztira hamalau orkidea mota topatu dituzte herrian, eta horiek erakusteko bisitak egin berri ditu.

Zarauzko orkidea motak biltzen dituen mapa osatu berri duzu. Noizko ideia da?

Orkideen mundua izugarri zabala da; mota askotakoak daude, eta mundu osoan zehar zabalduta. Muturreko klimak dituzten espazioetan kenduta, ia leku guztietan hazten dira, baita hemendik gertu ere. Natura ezagutzeko bide horretan botanikan ere murgildu ginen natur elkartean, eta orkideen munduak txundituta utzi ninduen.  

Hasieran, duela hamabi urte edo, Araba aldera joaten ginen horiek ezagutzera, eta pixkanaka-pixkanaka jabetu ginen hemen inguruan ere bazeudela, tartean Zumaiako Zuloaga espazioaren inguruan. Zumaian bazeudenez, Zarautzen ere egon zitezkeela pentsatu genuen, eta topatu genituen, bai. Ikastola inguruan zeuden, eta azkar hasi ginen eskuz kartelak egiten jendeak ere jakin zezan. Gerora ikusi genuen leku gehiagotan zeudela, eta horiek biltzeko asmotan sortu dut orain mapa. 

Hainbeste lan eta gero, erraza izan al da mapa osatzea?

Gorabeheratsua izan da bidea. Azken finean, herriko zelaietako belarra moztu egiten dute lorezainek kontratuz, eta hor ezinezkoa da orkideak haztea. Gainera, jendeak jakin gabe zapaldu ere egiten ditu. Urte askoan gai horrekin sufritu dugu, baina gerora hobera egin du egoerak.

Bilera bat eduki genuen Zarauzko Udalarekin, eta onartu egin ziguten, orkideak ondo markatuta edukiz gero, horiek ez zizkigutela moztuko. Ziztu bizian seinaleztatu nituen gehienak, landareen errolda eginda baineukan. 

Orkidea exotikoak dira ezagunenak, baina mota askotakoak daude. Zarautzen zenbat aurki daitezke?

Lehen esan bezala, mota asko daude, baina guztiak maitagarriak dira; ezagutzen hasten zara eta maitemindu egiten zaituzte. Zuhaitzetan imajinatzen ditugu askotan, baina lurtarrak ere badaude; Zarauzkoak halaxe dira. Lehenik hostoak ateratzen zaizkie, eta jarraian ateratzen zaizkie loreak, intsektuak erakartzeko eta polinizatzeko.

Mundu osoan 20.000 espezie eta 750 genero daude gutxi gorabehera, eta Euskal Herrian 22 genero daude. Horietatik sei aurki daitezke Zarautzen, eta hamalau espezie daude herrigunean. Zarautz kanpoaldean, aldiz, kopurua bikoiztu egiten da, eta orotara hamabi genero aurki daitezke. 

Zergatik daude horrenbeste orkidea Zarautzen?

Lurretik etorriko ziren garai batean haziak, eta klima ere ez da oso muturrekoa hemen. Dena dela, gerta daiteke urte batean leku batean haztea eta bestean ez; ez jendeak zapaldu edo moztu egin dituelako, prozesu naturalagatik baizik. Orkideak oso azkarrak dira, eta liztorrik ez dagoenean, gai dira beste tuberkulu bat sortu edo polena euren buruari botatzeko, nahiz eta hori epe luzerako ez den egokiena.  

Lore hauek gure ondo-ondoan ditugu, doan, eta ez gara askotan horiek baloratzeko gai. Ingurura begiratu eta arreta jartzea nahikoa da orkideak ikusteko. Pentsa, zentzu horretan pandemia oso ondo etorri zitzaigun loreak hazi egin zirelako eta bazeudela ikusteko balio izan zigulako. Ulertzen duguna da zelaiak moztuta egotea dela garbi egotea, baina hazten utzitakoan bakarrik ikus daiteke leku horien fauna eta landare aberastasuna. 

Eta denak garai berean hazten al dira?

Ez, bakoitzak bere loraldi garaiak izaten ditu. Orain egin ditugun ibilbideetan otsailean loratzen hasi ziren orkideak ikusi ditugu, baina badaude martxo erdialdean edota apirilean loratzen diren beste batzuk ere.

Bisita gidatuak ere egin dituzue. Zer moduz joan dira horiek?

Egiari zor, oso ondo joan dira, ez genuen espero horrenbeste jende etortzea. Lehen txangoan 28 pertsonak eman zuten izena, eta bigarrengoan hamazazpi lagunek. Arrakastatsuak izan dira ibilaldiak, eta jendea ere jarrera oso onarekin hurbildu zaigu, jasotako ezagutza zabaltzeko prest egon baita. Azkar antzera egin genituen Pazko Astean, lehenengo orkideak orduan loratu zirelako, baina hurrengoetan azalpenak hobetzea da asmoa. 

Zentzu horretan, mapako lekuak seinaleztatzea da xedea, ezta?

Bai, hori da. Ibilbideekin hasi gara, baina asmoa da txartel batzuk jartzea hainbat puntutan azalpenekin. Horren bidez, jendeak gehiago jakingo du zer duen inguruan. Izan ere, ezagutzen ez bada ez dago kontzientziarik, eta kontzientziarik ez badugu, ez dugu maitatu eta zaintzen. Gure helburua ez da Zarautzera jende multzo handiak ekartzea orkideak daudela erakusteko, baizik eta hemen inguruko jendeak jakin dezala zer dagoen beraien etxetik gertu. Beti egongo da jarrera desegokia izango duen norbait, baina orokorrean ia denek zuzen jokatzen dute.

Aurrerantzean bisita gehiago egiteko asmorik ba al duzu?

Momentuz ez, baina ni prest nago interesa duen edozeini azalpenak emateko. Egindako bi ibilaldietan norbanakoek eman dute izena, baina orain interesgarria izango litzateke ikastetxeetako umeekin bisita gidatuak egitea mapako puntuetan zehar. Aurreneko harria jarri dugu, eta aurrerantzean ikusi beharko da honi jarraipena emateko moduan garen edo ez.