Donibane Lohizuneko hilketa salatu du Urola Kostako Itaiak

Andrea Zipitria 2024ko mai. 7a, 19:24

Donibane Lohizunen (Lapurdi) emakume bat hilda aurkitu dute eta haren bikotekidea atxilotu du poliziak. Gertakaria salatzeko egin du elkarretaratzea Urola Kostako Itaiak, Lege Zaharren enparantzan.

Pasa den ostiralean emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel batean, eta haren bikotekidea atxilotu dute, hilketa matxistaren hipotesia nagusi izanda. Indarkeria matxista aurrekariak zituen gizonezkoak. Hilketa salatzeko kontzentrazioa egin du Urola Kostako Itaiak, Zarautzen. 18:30ean elkartu dira; Lege Zaharren enparantzan egin dute agerraldia Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu! lelopean. 

Itaiak “babes eta elkartasun osoa” helarazi die emakumearen ingurukoei, eta nazkatuta daudela adierazi dute kontzentrazioan, azken hilketa “ez baita gertakari isolatu bat, emakumeok zapalduta mantentzen gaituen gizarte baten adierazpen muturrekoa baizik”.