Zestoako amabirjinak 2023

Kultura aldarrikatuz, hainbat kontzertu egingo dituzte geltoki zaharrean

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 7a, 09:30

Rodeo taldea.

Zekorketen ordu berdinean kontzertuak antolatu ditu Gurea Kultura egitasmoak, urtero legez. Inoizez, Ezpalak, Rodeo, Arima, Sofa eta Lukiek taldeak ariko dira zuzenean geltoki zaharrean, zekorketen aurrean alternatiba gisa antolatutako festan.

Urtero legez, hainbat kontzertu antolatu ditu Gurea Kultura egitasmoak, festetako zekorketen aurrean alternatiba bat eskaintzeko asmoz.

Bihar eta igandean egingo diren zezenketen ordu berdinean egingo dira kontzertuak, 18:00etatik aurrera, geltoki zaharrean muntatuko duten oholtzan.

Bihar arratsaldean Inoizez, Ezpalak eta Rodeo taldeak izango dira oholtzaren gainean, hirurak Zestoako taldeak. Igandean, berriz, Arima, Sofa eta Lukiek taldeen txanda izango da.

Alternatiba baten sorrera

Gurea Kultura egitasmoaren antolatzaileek azaldu dutenez, 2016an egin zen ekimena lehenengo aldiz: "2012an egin zen erreferendumaren ostean, eta zezenketen aldeko bozak irabazi zuela ikusita, geltoki zaharrean elkartu ginen zezenketen aurka geunden gazte talde bat, festetarako zezenketen alternatiba baten bila. Musika lokaletako materiala kalera atera genuen, eta bertsioak jotzen hasi ginen".

Egitasmo horrek jendearen babesa jaso zuela ikusita, 2018an Gurea Kultura izena eman zioten, eta urte horretatik aurrera, hainbat talderen kontzertuak antolatu dituzte jaietan. 2020an eta 2021ean pandemiagatik festarik ez ospatzea erabaki zuen Zestoako Udalak, baina 2022an berriro ere martxan jarri zen egitasmoa.

"Herrigune osoa zezenketek hartzen dute data hauetan, eta alternatiba gisa gurea den festa bat antolatzea  erabaki dugu", adierazi dute antolatzaileek.