Martxan dira Zestoako eskolaren eraikin nagusia handitzeko lanak

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 12a, 09:53

Hondeamakina bat eta mendi malda aldeko estalpea eraitsita, lanen hasierako egunetan. (Zestoako Udala)

Sei gela berri eraiki eta gimnasia gela handituko dituzte. Eraiste lan handienak Gabonetako oporretan egin dituzte, baina urtebete beharko dute obra osoa bukatzeko.

Zestoako Herri Ikastetxean gauzatzeko bidean da aspalditik datorren asmoa, abenduko azken astetik martxan baitira eraikin nagusia edo eskola handia handitzeko lanak.

San Joan auzoko eraikina handitzeko lehen pausoak duela bi hamarkada eman zituztela ekarri du gogora egungo zuzendariak, Amaia Manterolak. "Aspaldiko" nahia eta beharra da, beraz, eskola handitzearena, Zestoako hezkuntza beharrei erantzun egokiagoa emateko. Baina Eusko Jaurlaritzak lehen proiektua duela hogei urte onartu arren, "atzeratzen eta luzatzen" joan da asmoa. Azkenean, "COVID-19aren aurretik", datuak eta aipatutako beharrak berrikusita, proiektua eguneratu eta data zehatza ezarri zuten Hezkuntza saileko arduradunek lanak hasteko: 2020ko ekainean hasi behar zituzten lanak ere atzeratu egin zituzten, ordea, pandemiaren iritsierarekin. Orain arte.

Txikia, bere horretan

Abenduaren 27an hasi ziren makinak lanean eskola handian; Manterolak azaldu duenez, aurrez adostua zuten «puskaketa» eta eraiste lan handienak opor garaian egitea, eskola itxita eta umeak etxean egongo ziren sasoia baliatuz. Mendi malda aldera handituko dute eraikina, eta horretarako, lanen hasierako fase horretan bota dute, besteak beste, alde hartan zegoen Lehen Hezkuntzakoen sarrerako eskaileren eta gimnasio aurreko estalpea. Eraikina handitzeko lanek luze joko dute; hasieran aurreikusitakoaren arabera, hamabi hilabete iraungo dute.

Sei gela berri eraikitzea eta gimnasioa handitzea dira lanen helburu nagusia. Gela berri batzuen "erabilera zehazteko" dute oraindik Herri Ikastetxean, baina erabilera anitzeko "pare bat areto" prestatu nahi dituztela aurreratu du zuzendariak, ekintzetarako eta.

Manterolak argitu du eskola handiko lanek ez dutela eraginik izango eskola txikiko edo perretxikoko eraikineko orain arteko jarduerarekin. Herrian horren inguruan zalantzak eta zurrumurruak zabaldu badira ere, Haur Hezkuntza 2 eta 3 mailetako ikasleen gelak eskola txikian mantenduko dituztela baieztatu du zuzendariak, orain arte bezala.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako maila guztiak eskaintzen ditu Zestoako Herri Ikastetxeak. 2023-2024 ikasturtean, 248 ikasle ditu Zestoako eskolak.