23. Korrika

Zestoako ikasleak ere euskaraz eta herriaz harro

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 19a, 17:31

23. Korrika herrira iritsi baino ordu batzuk lehenago, Zestoako kaleak igaro ditu Korrika Txikiak. Herri ikastetxeko ikasleek ozen aldarrikatu dituzte aurtengo Korrikaren leloak.

23. Korrika datorren goizaldeko 03:48 aldera iritsiko da Iraetara Aizarnazabaldik. Zestoako herrigunean, berriz, Zestoa Herri Ikastetxea eta Ekain guraso elkartea izango dira lekukoa hartuko duten aurrenak, Toribio Altzaga kalean, goizaldeko laurak baino lehentxo. Eta ordu batzuk lehenago, euskaraz eta herriaz harro daudela aldarrikatu dute Zestoako eskolako ikasleek, 16:00etatik aurrera egin duten Korrika Txikian.

Arteaga auzotik irten da Korrika Txikia. LHko 6. eta 5. mailatako ikasleak izan dira hasieran lekukoa eraman dutenak; gero, kalez kale, ikasle gazteagoak joan zaizkie batzen eta lekukoa hartzen. HHko txikienek Erdikalearen barrenean hartu dute lekukoa, eta handik plazarainoko azken txanpa denek batera egin dute. Plazara iritsita, hiru ikasle udaletxeko balkoi nagusira igo dira eta Korrika Txikiko lekukoan eraman duten mezua irakurri dute; euskaraz eta Zestoaz harro daudela ozen esan dute mezuaren irakurleek zein behean elkartutakoek.

Lekukoa, pankarta, petoak, kartelak... Ikasleek irakasleekin batera egindako materialarekin egin dute Korrika Txikia Zestoan, eta ahoz zein idatzita, aurtengo Korrikaren leloak eta aldarriak errepikatu dituzte, azterketak euskaraz egitearen Seaskako ikasleen eskaera tartean. Korrika Txikiaren festa osatzeko, Ekain guraso elkarteak prestatutako tailerretan parte hartzeko aukera izan dute umeek.