Banatu dituzte Arroabeko VI. Ipuin Lehiaketaren sariak

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 18a, 18:30

33 idazlan aurkeztu dituzte Ezkaizto auzo elkarteak eta Arroabeko eskolak elkarlanean antolatutako lehiaketara. June Egaña (LH 1-2 maila), Mara Giusti (LH 3-4), June Garziarena (LH 5-6) eta Josune Larrañaga (helduak) izan dira aurtengo sarituak.

Ezkaizto auzo elkarteak eta Arroabeko eskolak atzo banatu zituzten elkarlanean antolatzen duten Arroabeko VI. Ipuin Lehiaketaren sariak. Eguraldi eskasak plazatik Eskola Zaharrera aldarazi zien ekitaldia antolatzaileei.

Adin tarteka lau mailatan banatuta lehiatzen dira parte hartzaileak Arroabeko lehiaketan, eta lau sari banatzen dituzte. Aurten, 33 ipuin aurkeztu dituzte lehiaketara, eta horien artean aukeratu ditu sarituak Joseba Ossa eta Dani Aizpurua itzultzaileek, eta Gaizka Gorostiaga eta Esther Eizagirre irakasleek osatu duten epaimahaiak.

June Egañaren Muki eta zirkua ipuina izan da LH 1-2 mailako saria irabazi duena; "amaiera borobila" duen "ondo egituratutako lana" dela azpimarratu dute epaileek, eta lantzen dituen "balioak" ere goraipatu dituzte. LH 3-4 mailan, Mara Giustik idatzitako Nora eta ostadar magikoa aukeratu du epaimahaiak, "mundu magikoa era egokian" eta "idazketa politarekin" azaltzen duela azpimarratuta. LH 5-6 mailan, berriz, June Garziarenaren Non daude izarrak? lana saritu dute. "Irudimen handiko ipuina, ondo eraikia, osatzen duen ibilbidea erabat zentzuzkoa da, egoki josia dago, eta zientzia fikzio ukituarekin", xehetu ditu epaimahaiak sariaren arrazoiak.

Iaz bezala, helduek ere izan dute Arroabeko ipuin lehiaketan parte hartzeko aukera. "Hiru ipuinen artean zalantza handiak" izan dituztela jakinarazi zuten atzo epaimahaikideek. Azkenean, sari bakarra Josune Larrañagaren Aitzurra izeneko lanari eman diote, "zer gertatuko denaren misterioa bikain mantentzeagatik, amaiera parekoa eskainiz", eta "zaintzaren garrantzia erdigunean jartzen" duelako. Beste bi lanek epaimahaiaren aipamen berezia jaso dute: Xake partida Sakulupen, Miriam Aizpururena; eta Zuengan, nigan, Maria Iribarrena.

Koadernoa, Txaran eskuragarri

Aurten, eskolaren webgunean zintzilikatzeaz gain, lehiaketara aurkeztu diren lan guztiekin koadernoa osatu eta Txaran jarri dute eskuragarri antolatzaileek, "auzotar guztiek irakur dezaten".

Lehiaketan parte hartu duten guztiak "zoriondu" nahi izan dituzte Ezkaiztok eta Arroabeko eskolak, "aurten ere orri zuri baten aurrean jarri eta istorio ederrak sortzeagatik".