35 urte Gazte Asanbladak, gazteen beharrak eta nahiak asetzen

Intza Trula 2024ko api. 19a, 10:00
Zestoako Gazte Asanbladaren ekitaldi bat, duela urte batzuk. (Utzitakoa)

35 urte hauetan une "zailagoak" zein "errazagoak" bizi izan ditu Gazte Asanbladak. Kontzertuak, parrillada eta txotxa izango dira gaur Gaztetxean.

"Denetik" bizi izan badu ere, Zestoako Gazte Asanbladak 35 urte bete ditu apirilean, eta urtemugaren harira, askotariko ekintzak egiten ari dira apirilaren 3az geroztik Gaztetxean. Besteak beste, Santa Kutz jaiak antolatzeko batzar irekiak deitu dituzte, Umeen Eguna ere ospatu zuten, eta joan zen larunbatean Bertsio Gauak girotu zuen Gaztetxea. Ospakizunak ez dira hor amaitzen, ordea, eta aste honetan ere izango da gozatzeko tartea. Halere, egun bereziena apirilaren 27koa izango da, Gazte Asanbladaren 35. urteurrena egun horretan ospatuko baitute.

Halere, dena ez da festa izan asanbladaren sorreratik. Ainhize Odriozola asanbladako kidearen esanetan, "askotariko" jendea igaro da 35 urte hauetan taldetik, eta belaunaldi guztiek bizi izan dituzte une "zailagoak" zein "errazagoak". Odriozolaren iritziz, asanbladak bizirik jarraitzearen gakoa gazteen beharrak "asetzea" izan da, momentu bakoitzean beraien "beharren" eta "nahien" arabera jokatuz.

Hainbat belaunalditako herritarrek osatzen dute Gazte Asanblada, eta Odriozolak dio, "bere horretan jarraitzen duten eta gazteei eragiten dieten arazoei" erantzuteko elkarrekin lan egiten dutela, hala nola indibidualismoa, gazteen antolatzeko beharra, errepresioa, aisialdi eredu propioa izatea, kontsumoa eta drogak lantzen dituzte. "Zentzu horretan, beharrezkoa ikusten dugu antolakuntza politikoa, baita gazteok sistemaren aurka lanean jarraitzea ere", gehitu du.

Horrez gainera, Zestoan Gazte Asanblada izatearen beharra azpimarratu du Odriozolak: "Asanbladak aukera ugari ematen dizkio herriari: kultura eskaintza zabala –kontzertuak eta bestelako emanaldiak–, formakuntza saioak, hitzaldiak, festetarako egitarauak, umeentzako ekintzak... antolatzen ditugu".

Zera gehitu du Odriozolak: "Ezin aipatu gabe utzi herriko gazteok antolatzeko espazio bat dela asanblada, espazio seguru bat gure kezken zein arazoen inguruan hausnartzeko eta gure arazoei aurre egiteko biltzeko".

Zentroko gaztetxea

Odriozolak aitortu duenez, 35. urtemuga ospatzeak "aparteko ilusioa" egiten die asanbladako kideei: "Zentroko gaztetxean ari gara ospatzen urtemuga hau, eta horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko, ez baikenuen garai honetan oraindik bertan jarraitzea espero". Izan ere, Elizarekin tirabirak izaten ari da Zestoako Gazte Asanblada iaztik, Gaztetxea lekualdatzeko prozesua etenda zegoela ikusita, Elizaren jabetzakoa den Elizondo eraikinera (Zentroa) sartzea erabaki zuelako.

Ildo beretik, 35. urtemuga honetan, Gazte Asanbladak dituen helburuak gogorarazi nahi izan ditu Odriozolak: "Helburu nagusia Zentroko gaztetxea egonkortzea da, eta hori lortzeko buru-belarri gabiltza lanean. Askotan aipatu dugun moduan, Zentroko gaztetxeak gauza asko egiteko aukera ematen digu, eta espazio hori gurea izan arte borrokan jarraituko dugu. Hala ere, irekita gaude etor daitezkeen proposamenak aztertzera eta gure beharretara egokitzen den espazioa bilatzera".

35. urtemuga

Hala, 35. urteurrena ospatzeko egitarau oparoa prestatu du Gazte Asanbladak, eta apirilaren 3tik dabiltza askotariko ekintzak, bilerak eta kontzertuak egiten. Gaur izango du jarraipena festak, La Pulga eta Lagunen flamenko ikuskizunarekin eta Edu Zardoyaren emanaldiarekin. Tarte horretan parrillada eta txotxa ere jarriko dituzte. Iganderako, berriz, artisauen eta bigarren eskuko materialaren azoka antolatu dute. Eta, hilaren 24an, Santa Kutz jaiak antolatzeko auzolana egingo dute.

Egun handia, baina, apirilaren 27an, larunbata, izango da: 35. urtemugaren eguna. Asanbladak aurreratu duenez, Ertxina mendira ibilaldia egiten hasiko dute eguna, eta hamaiketakoa egiteko tartea ere hartuko dute bertara iristean. Jarraian, bazkaria egingo dute Gaztetxean, eta arratsaldean zehar, Hamarru elektrotxarangak hartuko ditu kaleak. Halaber, gaua luzatu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera: Enbata Lorade, Etxekalte eta Bassagain taldeek kontzertuak eskainiko dituzte Gaztetxean. Urtemuga eguna festarako egun "ederra" izango dela dio Odriozolak, eta guztiak animatu ditu joatera.

Horrez aparte, herriko gazte guztiei dei egin die asanbladak urtemugaz aparte Gaztetxera joatera eta antolatutako ekintzetan parte hartzera; "auzolanean" herrian lan egitera.

Honakoa da datozen egunetarako egitaraua:

Apirilak 19, ostirala:

  • La Pulga eta Lagunak flamenko ikuskizuna.
  • Parrillada eta txotxa.
  • Edu Zardoya.

Apirilak 21, igandea:

  • 10:00-15:00. Artisau eta bigarren eskuko azoka.

Apirilak 24, asteazkena: 

  • 17:00. Santa Kutz festetako auzolana.

Apirilak 27, larunbata:

  • Zestoako Gazte Asanbladaren XXXV. urteurrenaren eguna.
Zestoako Gazte Asanbladaren 30. urtemuga. (Utzitakoa)