Martxan dira Zestoako Ekain haurreskola handitzeko lanak

Intza Trula 2024ko api. 23a, 13:00
Ekain haurreskolaren ondoko lokala, obretan. (Oier Arregi)

Espazio faltari aurre egiteko, Ekain haurreskolaren ondoan dagoen lokala erosi du Zestoako Udalak. Gela berria datorren ikasturterako prest egotea aurreikusi dute.

Zestoako Ekain haurreskola 2006. urtean zabaldu zuten, eta ikasturte bakoitza ezberdina izan den arren, arazo bera izan du haurreskolak ia zabaldu zuten unetik; espazio falta. Hainbat urteren eta bilera askoren ondoren, Zestoako Udalak haurreskolaren ondoan dagoen lokala erosi du, eta dagoeneko hasi dituzte hura konpontzeko eta egokitzeko lanak.

Ekain haurreskolako hezitzaileek azaldu dutenez, 2009. urtetik aurrera hasi zen matrikulazioa betetzen, eta zenbait urtetan haur gutxiago izan dituzten arren, denbora daramate lekurik gabe. "Gero eta haur gehiago genituen, eta ez ginen kabitzen", diote hezitzaileek. Arazoari konponbidea eman nahian, gurasoekin eta udalarekin biltzen hasi ziren hezitzaileak, eta haurreskolaren alboan dagoen lokala salgai zegoela jakinda, hura erosteko eta egokitzeko proposamena egin zuten. Zestoako Udalak proposamena jaso eta lokala erosteko nahia agertu bazuen ere, ez zen lokalaren jabearekin akordio batera iritsi, eta proiektua baztertuta egon da zenbait urtez, aurten arte. "Azken urteotan gora egin du espazioa handitzearen beharrak, eta beste behin lokala eros zezan eskatu genion udalari", azaldu dute hezitzaileek. Hala, bigarren saiakeran lortu du Zestoako Udalak Ekain haurreskolaren ondoan dagoen lokala erostea, eta hiru aste inguru daramatzate bertan obrak egiten.

Langa gaindituta

Ekain haurreskolako hezitzaileek azpimarratu dutenez, lokal berriak orain dauden haurrak "eroso" egotea ahalbidetuko duen arren, ez du matrikulazioa handitzeko aukerarik eskainiko: "Orain dauden haurrek ez dute mugitzeko eta jolasteko nahikoa leku, eta lokal berriak horretarako aukera emango du; matrikulazioa handituko bagenu, berriro ere hasierako arazora itzuliko ginateke".

Izan ere, Ekain haurreskolak 21 haurrentzako lekua du, eta egun 23 haur daude bertan: "Taldekatzea gertatu da, eta zaharren taldeko batzuk txikienen taldera pasatu dira; horri esker, bi haur gehiago onartu ahal izan ditugu haurreskolan", aipatu dute hezitzaileek.

Hori horrela, espazio berria bereziki 1 eta 2 urteko haurrek erabiliko dute, eta orain arte haientzat izan den gela txikienentzat izango da. Sukaldeak eta lo egiteko eremuek ez dute aldaketarik izango hasiera batean.

Gutxi gorabehera 126.000 euro bideratuko ditu ditu udalak proiektura, eta erakundeak jakinarazi duenez, lanak hiru hilabete inguruan amaitzea aurreikusi dute. Halere, obrak bukatzean, lokala haurrentzako eta hezitzaileentzako tresneriarekin eta jolasekin hornitu beharko dute; beraz, litekeena da datorren ikasturtera arte ez zabaltzea. "Helburu nagusia irailerako guztiz prest egotea da, baina ikusiko dugu", dio udalak

Arroagoiko parkea

Jolas parke berriaz gozatzeko aukera izango dute aurki Arroagoian. Izan ere, badute parke bat auzoan, baina oso zaharkituta dago, eta, gainera, Elizarena den lurretan dago kokatua. Hori horrela, Zestoako Udalak jolas parke berria jarriko du Arroagoian, eta dagoeneko hasi dituzte lanak.

Frontoiaren ondoan eraikiko dute jolas parke berria, orain arte edukiontzien txabola egon den tokian, hain zuzen. Lehen fasean oinarria jarri dute, eta bigarren fasean jolasak aukeratu, eskatu eta jarri behar dituzte. Guztira 40.500 euroko aurrekontua du proiektuak, eta udalaren esanetan, helburua da uda hasierarako amaituta eta erabiltzeko prest egotea.