Udako festak eta ekintzak antolatzeko lehen bilera deitu du Zestoako Udalak

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 7a, 08:39

Kuadrillen arteko jolasak iaz, plazan, amabirjinetan. (Aitziber Arzallus)

Etzi egingo dute, 19:30ean, Alonderon. Amabirjinekin lotutako hainbat kontu zein Udan zer Zestoan? egitaraua izango dituzte hizpide. Batzar irekian parte hartzearen "garrantzia" nabarmendu nahi izan du udalak, han jasotzen diren proposamenak baitira egitarauak osatzerakoan "erabateko lehentasuna" izango dutenak.

Santakutzetatik astebetera, etzi, osteguna, egingo dute Zestoan udako festak eta ekintzak antolatzeko lehen bilera irekia.

Alonderon deitu du batzarra Zestoako Udalak, 19:30erako, eta han jorratuko dituzten gaiak ere aurreratu ditu. Udan zer Zestoan? egitaraua eta uda amaierako kontzertuak hizpide izango dituzte etzi Alonderon, eta udako jaiekin lotutako hainbat kontu ere bai, hala nola Edadetuen Eguna, Ama Birjin festetako egunak errepasatzea, ekitaldi "nabarmenenak" (zekorketak, pilota partidak, paella lehiaketa eta bazkaria, umeen bazkaria...) kokatzea eta txupinazoa nork botako duen aztertzea.

Deialdia egitearekin batera, udako ekitaldiak antolatzeko bileran parte hartzearen "garrantzia" nabarmendu nahi izan du udalak, han jasotzen diren proposamenak baitira egitarauak osatzerakoan "erabateko lehentasuna" izango dutenak.