San Martin jaiak ospatuko dituzte asteburuan Askizun

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 8a, 20:12

Iazko San Martin jaietako une bat.

Ostiral gauean hasi eta igande eguerdira bitartean izango dituzte jaiekin lotutako ekitaldiak auzotarrek zein asteburuan bertaratuko direnek.

San Martin jaiak ospatuko dituzte datorren asteburuan Askizun. Ostiral gauean ekingo diote Askizuko San Martin Elkarteak Getariako Udalaren laguntzarekin antolatutako festei.

Ostiralean, azaroaren 10ean, 21:30ean hasita, mus txapelketa jokatuko da. Afaltzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute 676 82 80 02 telefono zenbakira deituta. Gaur da izena emateko azken eguna.

Meza nagusiarekin hasiko dute larunbateko egitaraua; goizeko 11:00etan izango da. Ondoren txakolin probaketa izango da. Gauean, berriz, auzoko afaria izango dute. Hemen ere 676 82 80 02 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek. Gaur da izena emateko azken eguna. Jarraian erromeria izango da Izer eta Alabierrekin.

Igandean, berriz, haurrentzako jolasak izango dira eguerdiko 12:00etatik aurrera. Herri Kirolak izango dituzte jarraian. Pentatloian, Iñigo Landak eta Joseba Arakamak hartuko dute parte; harri-jasotzen, berriz, Udane Ostolazak eta Jokin Eizmendik. Enbilen Pepitak trikitilari eta panderojoleek girotuko dute goiza.