Uralita ibaira isuri izana salatu du Eguzki talde ekologistak

Maria Maya Manterola 2024ko api. 19a, 10:30
Zumaiako Joxe Mari Korta industrialdean Urola ibaira isuritako uralitak. (Eguzki erakunde ekologista)

Ohar bidez azaldu dutenez, Joxe Mari Korta industrialdean topatu dute amiantoa daraman materiala. Udalari eskatu diote modu uralita modu kontrolatuan kentzeko, horretarako ezarritako protokoloa jarraituz.

Eguzki talde ekologistak salatu du uralita topatu dutela Urola ibaiko itsasadarrean, Jose Mari Korta industrialdearen parean. Ohar bidez azaldu dutenez, uralitak amiantoa du, eta minbizia sortzeko gai den kanpoko agentea da.

Osasun arazo larriak eragiteaz gain, ingurumenari ere kalte egin diezaioke behar bezala kudeatzen ez bada. Gogorarazi dute horregatik hartzen dela delitutzat kontrolik gabe isurtzea. Legezko prozedura berezi batek arautzen du uralita kentzea, "protokolo oso zorrotza jarraituz". 

Eguzki talde ekologistaren arabera, ordea, "ehunka kilo uralita" isuri da industrialde horretan, baita beste hondakin kutsagarri asko ere. Horregatik, talde horrek udalari eskatu dio egin beharreko kudeaketak egin ditzala uralita modu kontrolatuan kentzeko, "horretarako ezarritako protokoloa jarraituz". Era berean, Urola ibaiko gainerako zabor tonak kentzeko eskakizuna egin dute.