Zumaiako iraganaren ispilu

Juan Luis Romatet 2024ko api. 19a, 15:00
Argazkia: Miriam Romatet.

Zumaiako Fototeka elikatzeko iaz egindako deialdian jasotako irudi batzuekin erakusketa osatu dute Alondegiko Oxford aretoan. Herritar ugarik bisitatu dute bilduma lehen egunetik. 

Orain mende batekoarekin alderatuta, oso bestelakoa da gaur egungo Zumaia. Etorkizunean poligonoak bihurtuko ziren etxebizitza multzoak agian norbaiten buruan egongo ziren –ziur aski, ez–, baina orduan lubakiak besterik ez zeuden egun etxebizitza blokeak eta kaleak dauden lekuan. Eta poligonoekin esaten dena, berdin esan daiteke Arrangoletara, Larretxora edo San Josera begiratuta. Hala ere, ez da XX. mende hasieraraino joan behar herriak jasan dituen aldaketez ohartzeko: 1980ko hamarkadatik hona ere herria handitzen joan da, eta horren testigantza ikus daiteke apirilaren 23ra bitartean Alondegiko Oxford aretoan bisitatu ahal izango den argazki erakusketan. Bertan, duela urtebete Zumaiako Fototeka elikatzeko udaleko Kultura sailak egin zuen deialdiko emaitzaren lagin bat ikusi ahal izango da.

Udaleko kultura teknikari Miriam Romatetek azaldu duenez, deialdi horren bidez zazpi emaileren argazkiak jaso dituzte, "batzuk norbanakoenak, baina baita Balenciaga ontziolarena edo Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroarena ere». Argazki horiek sailkatzen aritu dira denbora honetan, «baimenak eskatzen eta ahalik eta xehetasun gehien jasotzen", eta horietatik 80ren bueltan igoko dituzte formatu digitalean, bere fitxa eta guzti, Fototekaren webgunera. Era berean, horietatik 32 irudi inguru Oxforden egingo duten erakusketan ikusteko aukera eskainiko dute.

Erakusketa aurreko ostegunean, hilaren 11n, zabaldu zuten, eta lehen egunetatik bisitari kopuru handia izan du, herriaren aspaldiko irudiak ikusteak halako erakarpen bat eragiten duenaren seinale. Argazkietan ikusiko diren gaien edo pertsonen inguruko ahalik eta informazio gehien izateko asmoz, koaderno bat aurkituko dute bisitariek erakusketa aretoan, eta bertan idatzi ahal izango dituzte irudien inguruko xehetasunak edo informazio gehigarria. Emaileen inguruko informazioa ere aurkituko dute erakusketaren bisitariek. "Emaile horiei eskerrak emateko modu bat da", adierazi du Romatetek.

Udaleko Kultura sailak beste deialdi bat egingo du laster, Fototekaren altxorrak handitzeko eta dohaintzak jasotzeko. "Fototekaren fondoa handitzen jarraitu nahi dugu". Hala ere, deialdia egin aurretik norbaitek etxean dituen argazkiak eman nahiko balitu, aukera izango luke Alondegian hitzordua hartuta egiteko (943-86 10 56 / kultura@zumaia.eus). "Hitzordua eskatzea proposatzen diegu, ez delako argazkiak uztea bakarrik, ahalik eta fitxa zehatzena izatea nahi dugu: data, lekuak, argazkietan agertzen den jendea... Lehen ez zen orain bezala, orduan ez ziren edozein momentutan ateratzen argazkiak; arrazoi jakin batengatik ateratzen ziren. Azaldu beharko digute, baita ere, zer-nolako baimena ematen diguten; erakusketan jartzeko bakarrik, erabilera publikorako...", dio teknikariak.

Erakusketa datorren asteartera arte bisita daiteke, egunero, 18:00etatik 20:00etara; bihar eta etzi eguerdian ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara.