Euskararen espektakulue. Zergatik praktikatzen dugu sexua gazteleraz? bakarrizketa komikoa antzeztera gerturatuko da Oihan Vega (Bergara, 1981) larunbat arratsean Modelo aretora. Saioa 20:00etan hasiko da, eta sarrerak ordubete lehenago jarriko dituzte salgai, 5 eurotan.
Irrati esatari, aurkezle, aktore, musikari, disko jartzaile… eta, orain, bakarrizketari ere bai.
Azken finean, guztia lotuta dago. Bakarrizketa bat egiteak badu aktoretik zerbait eta aurkezletik beste zerbait, baita musikaritik ere. Izan ere, gitarra batekin ateratzen naiz saioan, eta musika erabiltzen du gaia jorratzerakoan. Beraz, esan dezagun nire
lanbideko alderdi guztiak biltzen direla ikuskizun honetan. Euskararen erabilerari buruz hausnarketa egitea dut helburu, baina modu komikoan eta sarkastikoan. Serioa den kontu bat umorearekin tratatzea, alegia.
El club de la comedia telesaioaren formatuan, akaso?
Formatua
El club de la comedia-rena da erabat. Umorea egiteko modurik berritzaileena eta eraginkorrena dela uste dut. Horrekin batera, ikus-entzunezko batzuk txertatzen ditut emanaldian.
Goenkale telesaileko eta
Vaya semanita telesaioko gidoilari Kepa Errasti oso laguna dut, eta hark lagundu dit ikus-entzunezkoekin.
Vaya semanita-ko
sketch-en tankera duten bost film labur dira, eta bakarrizketaren ildo beretik doaz.
Zergatik praktikatzen dugu sexua gazteleraz? galdetzen duzu ikuskizunaren izenburuan. Euskaraz ezin al da bada sexua praktikatu?
Hori da nik galdetzen dudana. Noski baietz. Gure arbasoek, baserrietan-eta sexua euskara hutsean praktikatuko zuten, baina gaur egun badirudi gauzak barrutik edo erraietatik ateratzen zaizkigunean, dela sexua praktikatzeko dela norbait iraintzeko, konturatu gabe gaztelaniara jotzen dugula. Hortik dator izenburuaren jokoa; hau da, ez ote gara gai izango euskaraz sexua praktikatzeko edo norbait euskaraz iraintzeko. Izan ere, norbait asko haserretzen denean, nahiz eta euskara hutsean aritu, gaztelaniara pasatzeko ohitura du. Euskalzaleak garenoi ere, inkontzienteki, gaztelania ateratzen zaigu zenbait unetan.
Kerman, mintzalagun bila telesaioan bezala zaplastekoak emango al dituzu?
Euskaldun guztiei emango dizkiet zaplastekoak. Askotan halako harrokeria puntua sartzen zaigu eta «Gora gu eta gutarrak!» aldarrikatzen hasten gara, baina ez gara konturatzen euskaldunok ere akats pila bat egiten dugula. Ez da
Kerman, mintzalagun bila saioa bezalako zerbait, bakarrizketa ez delako unitate didaktiko bat. Hala ere, zaplastekoak ematen ditut; hasteko, neure buruari eta gero, emanaldira etorri zirenei, euskaltzaleei orokorrean, Euskaltzaindiari, EGA azterketako arduradunei… Autokritika egiten dut euskarari buruz eta euskararen erabilerari buruz. Hori guztia, noski, umorea aintzat hartuz; hau da, jendeak ez ditzala gauzak serio hartu, saioan guztia ironia eta sarkasmoa baita. Kontu serioa izanagatik ere, ongi pasatzeko ikuskizuna da. Beraz, ez dadila inortxo ere haserretu.
Nola sortu zitzaizun proiektu hau taularatzeko ideia?
Duela urtebete inguru Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkarteak egitasmo bat antolatu zuen, eta aurkezle lanak egiteko deitu ninduten. Ekimena aurkeztera mugatu nahi ez zutenez, zerbait berezia egitea erabaki genuen, eta, ondorioz, bakarrizketa egin nuen. Saio hura laburragoa izan zen, beste hitzaldi batzuk zeudelako. Hala ere, konturatu ginen egindako bakarrizketak oso ongi funtzionatu zuela, eta alboko herrietatik ikuskizunarekin joateko eskean hasi zitzaizkidan.
Aurretik eginda al zeneukan halako bakarrizketa saiorik?
Gauza asko aurkeztu ditut, eta umore ukitua ematea gustatzen zait. Ez naiz aurkezpen zurrunak eta hotzak egitearen aldekoa. Ekitaldiren baterako deitzen nautenean umorez egiten saiatzen naiz. Antzezlan gisa, aldiz, lehen aldia da ordu eta erdi inguruko gidoi bat idatzi eta, ondoren, antzeztu dudana. Egia esan, lehen aldia da horren jantzia den zerbait egiten dudana.
Oholtzara igotzen dena Oihan Vega da, ala zure pertsonaietako bat?
Kasu honetan ni neu naiz taula gainera igotzen dena. Ez da Kerman, ezta beste bat ere. Oihan Vega da, eta ez da asmatutako pertsonaia bat. Ni neu naizen bezala agertzen naiz emankizunean, eta planteatzen dudan gaia umorez aurkezten dut.