Isekarekin izan ginen ostiralean Bilbon, Banden Lehiako finalean. Abenduko Baleike aldizkarian argitaratuko dugu taldeari eskainitako erreportajea. Bitartean, hemen daukazue finalean Iñaki Espillari eskaini zioten Zuregatik kanta.
Bost bilera deitu dituzte (Artadi, Oikia, Narruondo, poligonoak eta herrigunea) herritarren iritziak eta ekarpenak jaso eta 2014ko aurrekontuetan aintzat hartzeko. Hemen daukazue Udalak bidalitako oharra. Bertan ageri da bilera bakoitza noiz eta non izango den: Hartu parte Herri-aurrekontuak osatzen Zumaiako Udalari iritsi zaio 2014 urteko aurrekontuak osatzerako garaia eta aurtengoan ere herritarren iritziak, ekarpenak eta beharrak zeintzuk diren jakin nahi du. Azken urteotan abian jarritako dinamikari jarraipena eman asmoz, aurrekontuen inguruko bilerak antolatu ditu, herria eta garaiari egokitutako herri-aurrekontuak osatzeko. Urtez urte, aurrekontuak osatzeko prozesua egokitzen joan dira, eta aurten azken urteotako esperientziak kontuan izanda horixe bera egin du Udalak. Honela, auzo edo zonaldekako 5 bilera eta arloetako hainbat bilera egingo ditu. Herritik aparte dauden hiru auzoetan (Oikia, Narruondo eta Artadi); auzoen beharrak edo ekarpenak zeintzuk diren jakin, eta horiei erantzuna emateko. Azken urteotan, era batera edo bestera antolatuta dauden auzoetako beharrei hobeto erantzuten ari dela uste du Udalak, eta bide horretan sakondu nahi du. Hori jakinik, beraz, aurtengoan horiez gain, herria bi zonalde handitan banatu eta bakoitzean bilera bat egingo du; zonalde bakoitzeko beharrei erantzuteko apostua eginez. Herriko eragile eta elkarte soziokulturalei dagokienez, urtez urte saretzen doaz, eta gaur egun, eragileak eta Udala elkarlanean aritzeko mahai edo gune ezberdinak [...]
Egun on, Manu. Eguna triste argitu zian atzo, Manu. Lainotsu, malko-giro, hotzaldi handi batek hartu zizkiguan bihotzak. Zuhaitzen adarrak huts, biluzik, txorien kantuak mutu. Utzi egin gaituk, joan egin hatzaigu oroitzapenen gerora. Umezurtz utzi gaituk herriko hainbat eta hainbat euskaltzale. Euskararen hazia emaro, ugari ereinda joan haiz. Eta ereindako hazi horrek emango ditik bere fruituak. Emango? Emanak ditik oparo. Zenbat gazte euskaldun, beste batzuekin batera, duela 50 urte herriko ikastolan erein zenuten hazi haietatik, zenbat lili eder eta galburu urrezko bertso-eskolan zabaldu hituen haietatik… Apal, umil, langile fin nekaezin. Zarata handirik gabe, burrunba handirik gabe, gure hizkuntzak non behar, hi han izan hau beti. Han gazteen artean, gazteak adoretuz; han gure hizkuntza ikasten ari zirenen artean beren lana eta ahalegina aitortuz; han, hamaika gaztetxo handik hona eta hemendik hara eramanez… Euskara beti buruan. Eta beti apal, umil eta irribarretsu. Eskerrik asko, Manu. Hik ereindako hazi horrek loratuko ditik gure hizkuntzaren baratzeko kimu berriak, bizituko ditik gure sutondoko suaren garrak. Hik ereindako hazi horrek loratuko dik lore berri bat herriko euskaltzale guztion bihotzean. Hor izango haugu, Manu, gaur ere gure hizkuntzaren aldeko kalejiran guztion aurretik bidegile. Hor ilunabarrean izar distiratsu, bide erakusle. Agur eta ohore, Manu. Ahaleginduko gaituk hirekin egin dugun [...]
Urtarriletik aurrera ikastaroren bat antolatu nahi izanez gero, astelehena da Alondegian izena emateko azken eguna. Ikastaroak maiatz amaiera arte luza daitezke, edo denbora tarte ezberdinetakoak ere izan daitezke, beti ere 2013-2014 ikasturtearen barn...
Joan den asteburuan jokatu zuten Zumaiako txirrindulariek pistako denboraldiko lehen proba. Aitor Olaziregik estreinakoa izan zuen maila gorenean Hyundai-Caja Rural taldearekin. Mailari neurria da aurten helburua. Bere aldetik, Gorka Etxabek, Haritz Eizagirrek, Eider Unanuek eta Eider Manzisidorrek maila bikaina erakutsi zuten. Bihar, igandea, jokatuko da bigarren jardunaldia. Beti bezala, Arritxu Iribarrek egin digu kronika:Belodromoko lehenengo jardunaldia beti arriskutsua izan ohi da. Txirrindulariak urduri egoten dira, sasoi puntuarekin zalantza asko izaten dituzte eta nor den zaindu beharreko aurkaria artean oso garbi ez. Gauza asko kontrolatu behar eta galdera asko erantzuteko, baina denboraldiko lehena ez zen txarra izan ziklista zumaiarrentzat. Aitor Olaziregi, aurten Hyundai-Caja rural taldean, Open mailan leihatu zen. Karrera oso gogorrak izan ziren Espainiako selekzioko ziklistak baitzeuden eta profesional ugari ere bai, eta haiek jarri zuten erritmoari eusten nahikoa lan; baina duintasunez defendatu zuen bere burua. Oraindik sasoiko ez dago eta besteak sasoi bete betean; beraz, pazientziaz hartu behar da eta ikasi denboraldi honetan. Gorka Etxabe eta Haritz Eizagirre Viveros San Antongo txirrindulariek maila ona eman zuten. Gorka Etxabek podiuma ere zapaldu zuen, eta Haritz Eizagirrek lan itzela egin zuen taldekideak errematatu ahal izateko. Nesketan Eider Unanuek oso indartsu ekin dio denboraldiari, bera izan zen mutilei eusten bakarra eta Eider [...]
Banden Lehia 2013 lehiaketako lau talde onenek jo zuten atzo gauean Bilboko Bilborock aretoan, onena nor zer aukeratzeko. Zaleen deiek erabaki zuten saria Arratiako Eskean-Kristö taldearentzat, Iseka zumaiarrak bigarren sailkatu zirelarik.BBk Live kontzertuan jo eta diskoa argitaratzeko aukera izango du Eskean-Kristök. Iseka sari potolotik gertu gelditu da. Hala ere, badute pozik egoteko arrazoirik, jarraitzailerik ez baitzaie falta. Udan argitaratu zuten diskoa ia agortuta dago, eta atzo bertan Zumaiatik joandako gazte asko zeuden aretoan. Iseka fenomenoa hasi baino ez da egin.