Auzitegi Nazionalak oraintsu erabaki du: aske geldituko dira 15 preso, horietatik 13 euskal presoak dira. Tartean da Maritxu Uzkudun preso errezildarra.
Parot doktrina aplikatuta preso zeudenen inguruko erabakia 17 epaileek aho batez hartu dute. Dagoeneko bere senide eta lagunak Granadara bidean dira, han baitago espetxeratuta Uzkudun. Bere ahizpa Begoña Uzkudunek HITZAri adierazi dionez, hiru orduko bidaia dute oraindik hara iristeko.
“Pozik gaude, baina orain gure helburua Maritxu ateratzerako garaiz iristea da”.
Parot doktrina aplikatuta preso dauzkatenei buruz erabakitzeko osoko bilera gehiago ez egitea ere erabaki du Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak. Hemendik aurrera, preso bakoitzari zigorra jarri zion salak berak hartuko du zigor bakoitzari buruzko erabakia.
Sakabanaketa amaitzea
Bestetik, Zarautz Tantaz Tanta ekimena sortu dute hiru aldarrirekin: sakabanaketa amaitzea, gaixotasun larria duten presoak aske uztea eta kondena osoa bete dutenak etxera itzultzea. «Urtarrilaren 11ko itsasoa babesteko», Zarautzen 1001 argazki-tanta bildu nahi dituzte ekimenaren ikurra izango den botilarekin. Horiekin bat egiten duten herritar guztiei botila eskura eman eta argazkia ateratzea da asmoa, bakea eta konponbidea lortzeko keinu gisara.
«Herrira erakundearen jarraipena eragozteko lau webgune eta Twitter eta Facebook sare sozialetako bi perfil blokeatzea erabaki zuen herenegun Eloy Velasco epaileak. Tartean da
www.zarauzkoherrira.wordpress.com webgunea.