
(O.L.A./Hitza)
Naturan daude munduko gauza bikainenak. Nik egin dudan sorkuntzarik ikaragarriena ez da polimero hau, nire bi alabak dira». Horiexek dira Ibon Odriozola ikerlari azpeitiarraren hitzak (Azpeitia, 1973). Bakarrik itsasten den polimeroa sortu, eta nazioarteko hainbat hedabideri elkarrizketak eskaintzen ari den arren, hankak lurrean ditu.
Unibertsitatean kimika ikasiz hasi zuen ikerkuntzarako bidea Odriozolak. Doktore tesia kimika organikoaren inguruan egin, eta EHUko irakasle lanetan aritu zen bi urtez. Handik Cidetec enpresara joan zen. 2006tik ari da bertan lanean. Nanomaterialen unitateko arduraduna da, eta 19 ikerlari ditu taldean. «Denok ez gara ari lan bera egiten; proiektu asko ditugu martxan».
Bestetik, asmakuntzak komunikabideetan egindako bidearekin harrituta dago. «Ikerlariok egunero dugu zerbait asmatzearen ilusioa, baina ez genuen espero asmakizunak horrelako oihartzuna izango zuenik». Bere gertukoengana ere iritsi da albistea, eta «denak gustura» nabaritu ditu. «Horrelako gauza bat azaltzea oso erraza da. Bestelako gauza oso interesgarriak ere egiten ditugu, baina ez dugu egoki azaltzen, jendeak uler dezan. Ikerlarion errua da, zalantzarik gabe».
Ikertzea bai, baina batik bat gauzak asmatzea da bere pasioa. «Asko gustatzen zait gauzak asmatzea. Lanetik kanpo ere, sukaldean aritzen naiz egunero gauzak probatzen. Gero neuk jaten dut; beraz, ez dago arazorik». Sukaldaritza ere kimika baita. «Hala da, kimika da. Baina ni produktu batzuk besteekin nahastera mugatzen naiz. Azaloreari muskuiluak nahastea, esaterako».
40 urterekin, bide luzea du oraindik ikerkuntzaren munduan. Hala ere, argi du ikertzen eta, batik bat, gauzak asmatzen jarraitu nahi duela. Laborategitik sukalderaino.