
(Aitor Manterola/Hitza)
[Aitor Manterola] Badira musikariak hainbat musika tresna batera jotzen dituztenak. Orkestra-musikariak esaten zaie. Xabier Zabala (Zarautz, 1967) musikaren hainbat esparrutan dago sartua, zenbait lan batera eginez. Orkestra-musikarien tankera dauka zentzu horretan, baina musika jotzailea baino gehiago sortzailea da. Herriko bandan hasi zen, Nafarroako hainbat herritan jo zuen gero bakarka, Basakabin aritu zen ondoren. Musika irakasten hasi zen gero, filmetako musika egin izan du, eta Pirritx eta Porrotxekin dabil 2001etik. Eta orkestrarako lanak ere egiten ditu, beste askoren artean.
Bere lan guztien berri izateko, www.xabierzabala.com webgunea bisitatu besterik ez dago. UROLA KOSTAKO HITZA-ren bisita estudioan hartu du, ordenagailu, kontroladore eta halakoen artean. Pentagramaz osatutako koadernoa dago mahai batean. Hutsik. Noten esperoan.
Pirritx eta Porrotxen azken lana aurkeztu berri duzue: Bizipoza. Zertaz ari zarete?
Urtero gai bat hartzen da, eta horren ingurukoa izaten da disko ia osoa. Orain elkartasuna hartu dugu ardatz. Gaixotasun batzuen inguruan sortutako hainbat elkarte sartu dugu, esate baterako.
Diskoko abesti guztiak zuk egindakoak al dira?
Bat izan ezik, bai. Betagarriren bat sartu dugu. Normalean, pailazoen disko guztietan kanta guztiak nireak izaten dira, ez bada herrikoiren bat edo; horietan, moldaketak egiten ditut.
Nolakoa da diskoa osatzeko bidea?
Gaia jartzen dugu, eta hori izaten da abiapuntua. Irudikatu egin behar izaten dut, ikusi, sortu aurretik. Ikuskizun baterako dira kantak, eta pentsatu behar izaten dut nola geratuko den ikuskizun jorratu behar dudan guztia. Batzuetan, sormena alderantziz egin behar izaten da: musikagilea izan beharrean, entzulearen lekuan jartzen naiz, zer gustatuko litzaiokeen entzutea jakiteko edo ikusteko, gai jakin batekin bat egiten duen kanta den edo ez jabetzeko.
Musika sortzen al duzue lehendabizi, ala letrak?
Bietatik. Batzuetan letra joaten da aurretik, eta heldulekua ematen dit nondik jo zehazteko. Baina ez da errazagoa edo zailagoa beste moduaren aldean. Letrarik ez badago, musika sortzen hasten naiz. Azkenean, produktua bat bera da, abestia eta letra batera doaz, eta musikariaren eta idazlearen arteko elkarlana garrantzitsua da.
Nolakoak izan behar dute Pirritx eta Porrotxentzat sortutako kantek?
Erraz sartzekoak eta denboran iraungo dutenak izan behar dute. Animo handiko abestiak izaten dira, umeentzat dira, eta mundu alaia da umeena.

(A.M./Hitza)
Sormena garatzeko leku berezirik ba al duzu?
Inspirazioa etorri egiten zaizu, eta ez dakizu zergatik etorri zaizun. Garrantzitsua da momentu horrek lanean harrapatzea. Horregatik, gure lanerako diziplina ezinbestekoa da, eta gainera, epeak jarrita egoten dira lanak entregatzeko. Gero, norbere esku dago laneguna antolatzea: gau osoa pasa dezakezu lanean, egundoko etorriarekin zaudelako, edo egun batean ez zaizu ezer sortzen, eta hurrengo egunerako uzten duzu.
Zerbaitek laguntzen al dizu sormenean?
Bizi izandako sentsazioak eta emozioak oso lagungarriak dira. Azken batean, musikan sentsazioez eta emozioez aritzen gara. Hori guztia ateratzeko bizitzak berak ematen dizkizu egoerak. Beti egoten naiz bizi eta esna; sormenak eskatzen du horrela egotea.
Musika egitetik bizitzea amets bat betetzea al da?
Bai, dudarik gabe. Betidanik nahi izan dut hori. Gustuko lana da, eta gustuko lana erdi-lana izaten da. Gustukoa egitea luxua da. Batzuetan presaka-eta ibiltzen gara, epeak gainean izaten direlako, baina ikasi egin behar izaten da horrekin lan egiten.
Ez du, bada, erraza izan behar estuasun horretan sortzen ibiltzea, ezta?
Hasieran ez da erraza, baina urteen joanean esperientzia eta lasaitasuna hartzen da, eta «aterako zait» pentsatzen duzu. Batzuetan asko kostako zaizu, eta beste batean berez eta erraz ateratzen da. Zergatik atera den hain azkar? Auskalo! Baliabide musikalak izaten ditugu, eta horretan asko laguntzen du era guztietako musika lantzea. Niri denetarik egitea tokatu izan zait, eta horrek laguntzen du sormenerako. Aurreko batean, Mondragon Unibertsitateko ikasleei hitzaldia eman nien, eta batek esan zidan berak talde batean jotzen duela eta bigarren diskoa ateratzera doazela; kontatu zidan beldur dela lehen diskoko kanten oso antzekoak aterako ote zaizkien. Horretarako ez dago formularik, baina laguntzen du era guztietako musika entzuteak. Ez dago musika onik eta txarrik.
Zuk ere izango duzu Pirritx eta Porrotxen diskoetan ez errepikatzeko erronka, ezta? Hainbeste kanta izanik, gainera.
Bai. Musika egiteko era bat egongo da kanta guztien atzean, eta baten batek esango du kantak nireak direla, baina ezin dituzu oso kanta berdintsuak sortu. Aniztasuna beharrezkoa da. Horregatik, erronka handia bezain polita da Pirritxen eta Porrotxen diskoetarako kantak egitea.
Nola sortu zitzaizun Pirritxekin eta Porrotxekin lanean hasteko aukera?
Ikastola batean nenbilen musika irakasle. Haur Hezkuntza ikasi nuen. Hik Hasikoek proposatu zidaten disko bat egitea. Pirritx eta Porrotxek kolaboratu egiten zuten Hik Hasikoekin, eta hor ezagutu nuen Porrotx. Esan zidan gustatu zitzaiola nire musika. Orduan Iñaki Salvador ari zen haientzat musika egiten. Porrotxen esaldi hura, esaldi sueltoa ematen zuen hura, errealitatea bihurtu zen gero. Aukera eman zidaten. 2001ean izan zen. 2005era arte jarraitu nuen irakasle lanetan, bi lanak uztartuz. Beste kolaborazio batzuk ere egiten nituen, eta azkenean, ezin biak uztartu; ikastolan nengoenean estudioan nuen burua, eta estudioak nengoenean ikastolan. Zazpi urtez eszedentzian egon eta gero, orain honetara jarria nago erabat.
Porrotxekin topo egitea kasualitatea izango zen, baina ez zure lana hari gustatzea. Kasualitateak eta zorteak, eta lan onak egin zuten topo.
Afizioa da nire lanbidea. Eta nik beti esaten dut hau: gustuko lanean aritzeko aukera baduzu, egin ezazu. Egunen batean pasako zaizu trenen bat; txikiagoa edo handiagoa, baina pasako da. Nire trena Hik Hasi izan zen, disko haiek. Esan zidatenean diskoarena bertigoa sentitu nuen, «nola egingo dut nik hau guztia!». Baina gero, egin egiten duzu. Eta horixe da nire lema: proposamenak onartu, lanak egin, eta gustatzen bazaie ondo, eta bestela, bada, aurrera.
Pirritx eta Porrotxen itzalpean geratzen zara, ez zarelako jende aurrean azaltzen normalean. Horrek lasaitasuna ematen al dizu?
Bai, ezberdina da. Ez naute ezagutzen, eta ikuskizunetara joaten naizenetan, urtean sei bat edo ikusten ditut, ikusleen erreakzioei begira jarduten dut, zein abesti gustatzen zaien edo zein ez jakiteko. Alde horretatik ere oso lan polita da nirea.
Disko berriaren inguruko lanez gain, besterik lantzen ari al zara pailazoekin?
Bai. Uda ondoren herriko musika bandekin eta herriko abesbatzekin emango ditugu ikuskizunak. Ikuskizuna daukagun herriko musikariekin ariko gara; zuzenean jo eta kantatuko dute. Partiturak-eta prestatzen ari naiz, gure kantak bandarako egokituz.
Pirritxekin eta Porrotxekin murgilduta zaude erabat, ala beste lan batzuetan ere ari zara?
Urte osoko lana da pailazoena, baina beste batzuetan ere banabil. Orkestretarako zenbait gauza egin dut azkenaldian, eta egundoko esperientzia da musikari batentzat bere musika entzutea orkestrak jota.
Txistu symphonic proiektuan parte hartu nuen, Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrarekin. Mendizabalek berak esan zidan Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin beste proiektu bat landu behar zuela, kanta herrikoien inguruan, eta eskatu zidan bi kanta sortzeko. Bi horiek egin nituen, beste baten konponketa ere bai, eta abesti herrikoi ezagun bat ere moldatu nuen. Euskaldunan jo zuten, eta gozamena izan zen. Gero, Pirritx eta Porrotxen 25. urteurrena zela eta, orkestrarekin egin genuen zerbait. Aurten, ekainean, bira egingo dugu Euskadiko Orkestrarekin eta Orfeoi Txikiarekin, Euskal Herriko hainbat hiriburutan. Orkestrarako kantak moldatu behar izan nituen.
Lan faltarik ez duzu.
Zorionez, ez. Bilboko Txistulari bandarekin
Gogoeta ikuskizuna ere badaukagu eginda. Astia dudanean, orkestra obretan sartzen naiz, eta
new age estiloa ere landu izan nuen Mikel Platerorekin,
Uhera lana ateraz. Txistularien lanera bueltatuz, zuzenean jotzen dugu, txistuarekin. Ez da ohiko txistu abestiak. Irudiak ere sartzen ditugu, ordubeteko ikuskizuna da. Musika osoa nirea da
Gogoeta-n. Orain hasiko gara hori mugitzen. Martxoan estreinatu genuen, Euskaldunan.
Zuzenean jotzea ala estudioan sartuta sortzea duzu nahiago?
Bietan aritzen naiz gustura. Gauza ezberdinak dira. Zuzenean jotzea asko gustatzen zait. Pirritxekin eta Porrotxekin jo izan dut zuzenean, bi urtean. Hamasei urte nituenean hasi nintzen zuzenean jotzen. Nafarroako herri txikietara joaten nintzen bakarrik, eskusoinua jotzera festetan.
Han hasi al zen dena?
Beno, hasi, etxean hasi zen. Aitarekin eta osabarekin. Musikariak ziren, eta etxean bizi izan dut. Zortzi urterekin ikusi nuen osaba soinua jotzen, eta niretzat osaba zen pertsonaia handi bat, musika jotzen zuena. Gero, zorte handia izan genuen herrian Manolo Urbieta izatearekin. Asko motibatu gintuen. Gero, hainbat irakaslerekin ikasi nuen. Nafarroako kontu hura izan al zen hasiera? Ez dakit, baina baietz esan daiteke. Nafarroara joaten nintzenean, ez nekien non egingo nuen lo, zeinen etxean bazkaldu eta afalduko nuen… Eta egunean zehar hirutan jotzen nuen soinua: goizeko errondan, arratsaldekoan, eta gaueko pasean. Soinuarekin eta bafle batekin joaten nintzen. Kontratatu egiten ninduten.
Musikaz harago dauden esperientziak izan al ziren?
Bai, bai. Bizitzarako ere ikasgai ederrak atera nituen. Bost bat urtez aritu nintzen.
Eta gero?
Basakabi taldean aritu nintzen, baina utzi egin behar izan nuen. Egun batetik bestera kontzertuak ematea, egun batean han eta hurrengoan hemen, gehiegi zen niretzat, eta utzi egin nuen.
Irakasle aritu izan zineneko garaira joanez, zer eman zizun?
Sekulako esperientzia izan zen, eta asko ikasi nuen. Astean ia hogeita hamar klase ematen nituen, pentsa. Musika irakasleak irakatsi baino, motibatu egin behar du ikaslea. Etxera joan, eta han txistua jotzeko gogoa piztu behar diozu umeari. Motibatzen baduzu, bere bidea egingo du gero. Musikak mila bide dauzka; ez da bakarrik solfeoa, eta ikasle bakoitzari musika gustatzea lortu behar duzu. Ildo nagusia izan behar duzu, baina gero moldatzen ere asmatu behar da. Informatika musikala ere sartu genuen, eta hor ere asko ikasi nuen. Perkusioa, txirula eta gitarra lantzen genituen, adinaren arabera. Hamasei urte egin nituen klaseak ematen.
Itzuliko al zinateke klaseak ematera?
Bai, bai. Orain, bizitzako beste etapa batean nago, eta hau amaitzen bada, zergatik ez itzuli irakaskuntzara?
Musika zer da zuretzat?
Zaila da erantzutea. Musika zer zen ez nekien umetan, baina oso ondo pasatzen nuen aitarekin eta eskolan. Gero, afizioa, pasioa geratu da, eta ofizioa azkenean. Pausoz pauso joan naiz. Goizero jaiki eta gustukoa egingo dudala jakitea gauza handia da. Eta ederra da norbere abestiek egiten duten bidea ikustea.
Umeen eta musikaren arteko harremana asko ikertu eta ikertzen da. Zer gogoeta eragin dizkizu zuri gaiak?
Pedagogiaren aldetik tesi bat egiteko modukoa da. Umeentzat kontzentrazioa, sentimenduak eta adimen emozionala lantzeko tresna oso ona da musika. Eskoletan-eta lantzen da, baina uste dut gehiago landu beharko litzatekeela. Oraindik asko falta zaigu hori guztia bideratzeko. Musika umeekin bizitzea gozamena da.
Aizu, beste kontu bat: Getariako ereserkiarena zer izan zen?
Lehiaketa egin zuen Getariako Udalak, duela sei bat urte edo, eta Andoni Egaña eta biok aurkeztu ginen. Bigarren egin genuen. Heritarrek bozkatzen zuten, eta oso esperientzia polita izan zen. Andonik egundoko letra ederra egin zuen. Oso pozik geratu ginen.
Teknologia eta musika… Azkar aldatzen ari den mundua.
Ikaragarria da zenbat aldatzen ari den. Adi egon behar izaten da, gauzak azkar aldatzen direlako. Pentsaezina zen lehen gauza batzuk egitea, eta orain, erraztasunez egin daitezke teknologiari esker. Esate baterako, filmetako musika egiteko, orain, musika eginda ematen diozu zuzendariari, ez da lehen bezala. Lehen pentagramak eta notak ematen zenizkion, eta «hau zer da?», esaten zuen zuzendariak. Orain, estudioan eta ordenagailuarekin bakarrik graba dezakezu film bateko musika, esaterako. Lehen, musikari guztiak elkartu beharra zegoen, grabatu ahal izateko.
Etengabe mundu berriak arakatuz eta ikasten ari den pertsona al da Xabier Zabala?
Dudarik gabe, bai. Asko ikasten ari naiz orkestrarekin, esate baterako. Beti egon behar duzu ikasteko jarrerarekin, sentitu egin behar duzu ikasten ari zarela. Gainera, Euskal Herria leku egokia da musikaren inguruan ikasten segitzeko; oso aberatsak gara, eta oso jende prestatua daukagu.