
‘Balenciaga Luxuaren Esperientzia’ erakusketako hiru pieza. (Egilea: Aiora Larrañaga)
«Beharra amaitzen denean sortzen den beharra da luxua» esaten zuen Coco Chanelek. Ildo horretan, luxua kontzeptu «emozionala» dela eta «objetu baten balio sinbolikoarekin eta esperientziarekin» erlazioa duela uste du Cristobal Balentziaga Museoko zuzendari Miren Vivesek. Hortik abiatuta luxu giroa eta atmosfera sortu nahi izan dute datozen egunetan zabalduko duten
Balenciaga Luxuaren Esperientzia erakusketarekin. Bertan,
Haute Couture klasikora bidaiatuko dute bisitariek, XX. mende erdialdean Cristobal Balentziagaren etxeek eta unibertsoak bezeroei eskeintzen zien luxu esperientziara alegia.
Maiatzetik 2016ko martxora bitartean ikusgai izango da
Balenciaga Luxuaren Esperientzia erakusketa eta horrekin Cristobal Balentziaga jaio zenaren 120. urteurrena ospatu nahi du Cristobal Balentziaga Museoak.
Hiru atal
Cristobal Balentziagaren bezeroek jostunaren soineko bat erosten zutenean sentitzen zutena erakutsi nahi du erakusketak. Horretarako 60 soineko, saloiko altzariak, dokumentazioa eta bozetoak bildu dituzte erakusketan. «Orain arte erakutsi gabeko piezak dira, Cristobal Balentziaga zenaren bezero izandakoek gordailuen eta donazioen bidez utzitakoak» zehaztu zuen zuzendariak.
Erakusketa hiru gairen bueltan osatu dute. Lehen atala Balentziagaren bezero ziren eliteko emakumeen ingurukoa da. «Hauek ekitaldi sozialetan erakusten zituzten jantziei garrantzi handia ematen zieten, beren pertsonalitate, estatus eta bizitza estiloaren kanpoko sinboloak baitziren» azaldu du Igor Uria erakusketaren komisarioak.
Bigarren atalean, Balentziaga etxean erostean sentitzen zena islatu nahi izan dute. «Esklusibotasuna xehetasun bakoitzean antzematen zen bertan. Baita, bertara sartzeko moduan ere, etxeko bezero batek gomendatuta bakarrik sar baitzitekeen Balentziaga etxera».
Erakusketaren hirugarren atala luxu eskuragarriaren ingurukoa da. «Balentziagaren aura desira sozial bihurtu zen eta ildo horretan hain desiratua zen luxua herritar gehiagorena iristeko perfumeak, osagarriak eta jatorrizko modeloen kopiak merkaturatu ziren». Azken horiek batzuk legezkoak ziren, Ameriketako saltoki handietan saltzen zirenak esaterako. Eta beste batzuk, berriz, legez kanpokoak, jostunek Balentziagaren soineko eta jantzietan oinarrituz egiten zituzten kopiak. Horietako zenbait ere ikus daitezke erakusketan.
Calais hirian ere Balentziaga protagonista
Balentziaga jaio zenaren 120. urteurrenaren harira, Frantziako Calais hiriko museoan Cristobal Balentziagaren lana da ikusgai
Balenciaga, magicien de la dentelle erakusketan. Calais hiria parpaila lanagatik da ezaguna joskintza arloan eta erakusketan Balentziagak egindako 70 lan bildu dituzte, horietatik 35 Getariako museoak utzitakoak. Erakusketa hori bera 2016ko maiatzetik aurrera Cristobal Balentziaga Museoan izango da ikusgai Donostia Kultura 2016 ekimenaren barruan.