Emakumeek osatzen dute Ttipi-Ttapa, eta korrika eginez norbere mugak hobetzea dute helburu. Hain justu, helburu guztiak gainditzea lortu zuten larunbateko lasterketa solidarioarekin.

Ttipi-Ttapa elkarteko kide dira Izaro Larrañaga eta Eneritz Korta (Ana Abarisketa)
Jendetza bildu zen pasa den larunbatean, irailak 26, Azkoitian. Bularreko Minbiziaren Kontrako I. Lasterketa solidarioak lortu zuen hori, eta ez zen gutxiagorako, Katxalin bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkartera bideratuko baitute bildutakoa. Ez dute batutako dirua zenbatzeko modurik izan oraindik, baina laster jakinaraziko dutela diote. Izaro Larrañaga eta Eneritz Korta dira lasterketa solidarioa antolatzen ibili diren Ttipi-Ttapa elkarteko kideetako bi.
Zer nolako biharamuna izan duzue lasterketa ostean?
Izaro Larrañaga: Oso gustura gaude lortutakoarekin. Ez genuen eskuratutako laurdenik espero. Izan ere, pentsatzen hasi ginenean zenbat lagunentzako lasterketa antolatu, iritzi kontrajarriak zeuden taldean: batzuen iritziz 800 bat lagun izatea lortuko genuen, eta beste batzuentzat, 200. Beraz, soberan bete ditugu helburuak.
Eneritz Korta: Mila dortsal eskatu genituen, baina ez genuen sekula pentsatuko salduko genituenik. Gaur zortziko helburua genuen 500era iristea. Azkenean, 863 lagunek hartu zuten parte lasterketan. Zenbaki horri gaztetxoen lasterketan izena emandakoak gehitu behar zaizkio, 350 inguru.
Non dago gakoa?
I.L: Kalean postua jartzeak erakarri du jende asko eta asko.
E.K: Postua jarri genuen egunetan 80 lagunetik gorak eman zuen izena.
Herritarrek erantzun dute, beraz.
I.L: Dudarik gabe. Izan ere, lasterketan parte hartu ez, baina borondatezko ekarpenak eman zituztenak gehitu behar dira.
E.K: Lasterketa bukatzean itxulapikoa gainezka zegoen.
I.L: Aprobetxatu nahiko genuke eskerrak emateko parte-hartzaileei, kolaboratu dutenei eta, oro har, herritar guztiei. Sekulako erantzuna jaso dugu, eta ezin sinetsita gaude.
Parte-hartzaileen daturik ba al duzue?
I.L: Emakumeak eta azkoitiarrak izan ziren gehientsuenak, hamarretik zortzi emakumeak baitziren eta, jaioterriari dagokionez, %86 ziren azkoitiarrak. Hala ere, leku askotatik etorri zen jendea: Markinatik, Gernikatik eta Donostiatik, esaterako.
E.K: Azpeitia, Elgoibar eta Mendarotik ere asko gerturatu ziren.
Ttipi-Ttapa elkartea berria da, duela urtebete hasi zineten taldean entrenatzen. Nolatan sortu zen horrelako lasterketa bat sortzeko ideia?
I.L: Jose Antonio Zulaika da Ttipi-Ttapako entrenatzailea, eta hark hasieratik nahi zuen gurekin lasterketa bat prestatzea. Gainera, emakume talde bat izateak eragina izan zuela uste dut.
E.K: Hasieran ekaina genuen buruan. Gero sortu zen bularreko minbizia hizpide hartuta lasterketa antolatzearena, eta irailera pasatzea pentsatu genuen.
Zergatik bularreko minbizia, eta zergatik Katxalin?
E.K: Zulaikak dio, emakumeek osatutako taldea izanda gurea, eta bularreko minbiziak emakume askori erasotzen diola kontuan hartuta, aukera polita dela Katxalin bezalako elkarte bati bideratzeko bildutakoa.
I.L: Emakumeen ehuneko handi bati eragiten dio gaixotasunak. eta, oro har, gizarte osoa dago sentsibilizatuta. Modu batera edo bestera, herritar guztioi ukitzen digun gaia da, gainera.
Hain justu, gaixotasuna pasatekoek ere hartu zuten parte lasterketan, ezta?
I.L: Bai, niri gerturatu zitzaidan emakume bat esanez bularra kenduta zuela minbiziaren ondorioz.
E.K: Donostian urtero antolatzen da lasterketa Klasikoa, eta nagusiaren aurretik, Katxalinek beste lasterketa bat antolatzen du. Aurreko urtean izebarekin hartu nuen parte, eta orduan otu zitzaigun dirua Katxalini bideratzearena.
Zer da zuentzat Ttipi-Ttapa?
I.L: Korrikako zaletasuna hartzen lagundu digula uste dut, hainbeste jende egonda taldean, –50 kide inguruk osatzen dute– zeure erritmo bereko lagunak aurkitzen dituzu. Eta gehiagorako gogoa ematen du, gainera.
E.K: Pixkanaka hobetzen joan gara, eta hasieratik hona sekulako hobekuntza egin dugu. Taldean egiteak asko laguntzen du.
I.L: Zulaikak dioen bezala, hasieran ezkututik egiten dugu korrika, Olotza aldetik, eta behin lotsa galtzen dugunean hasten gara Loiola aldera joaten.
Izango al da bigarren ediziorik?
I.L: Honi jarraipena eman behar diogu, baina maiztasuna, esaterako, zehazteko daukagu.
Lasterketa solidarioko zozketan sarituak
Bularreko Minbiziaren Kontrako I. Lasterketa solidarioan hainbat zozketa egin zituzten parte-hartzaile guztien artean. Herriko dendarien eta ostalarien babesari esker, honakoak dira saritutako dortsalak:
244, 490, 696, 711, 767, 271, 672, 342, 774, 818 eta 552. Saria jasotzeko urriaren 10aren aurretik
674- 95 34 79 zenbakira deitu behar da, edo idatzi
azkoitikolasterketasolidarioa@gmail.com helbide elektronikora.