22 urtez azpikoetan, Peña eta Martijak jantzi dute txapela. Atzo, asteartea, jokatu zituzten partidak, eta bukaera eman zieten jaiei.

(E. Albizu Lizaso)
Larrañaga eta Murgiondo azpeitiarrek irabazi dute VII. Joxe Larrarte Memorialeko finala seniorretan; eta Peña eta Martijak, berriz, 22 urtez azpiko lehian. Sanmiel jaien baitan egiten da Joxe Larrarte Aizarnazabalgo alkate ohiaren omenezko eskuz binakako pilota ligaxka herrian, eta atzo, asteartea, jokatu zuten.
Elizaldek eta Mendiak Peñaren eta Martijaren aurka jokatu zuten 22 urtez azpikoetan, eta bi bikoteek maila ona erakutsi zuten partidan. Peña eta Martija izan ziren garaile, 22 eta 15. Seniorretan, berriz, Larrañaga eta Murgiondok irabazi zuten 22 eta 17, Santxo eta Imazen aurka. Jende ugari bildu zen Aizarnazabalgo pilotalekuan. Izan ere, entzutetsua da ligaxka afizionatu mailako pilotari eta zaleen artean. Ostiralean eta larunbatean izan ziren finalaurdenak.
Festen amaiera

(E. Albizu Lizaso)
Festen amaierako trakarekin bukatu ziren atzo sanmielak Aizarnazabalen. Ostiraleko txupinazotik hasi, eta atzo arte hamaika ekitaldi izan dira herrian, eguraldia lagun: kontzertuak, ume-jolasak, danborradak eta buruhaundiak, esate baterako. Asteburu luzearen ostean, atzo izan zen San Migel eguna, eta sagardo zein pintxo dastaketa, bolo lehiaketa eta pilota partidak izan ziren protagonistak Aizarnazabalen. XXXI. Sagardo Lehiaketa egin zuten eguerdian; eta haren ondoren, kirolak hartu zuen erreleboa.