Udane Juaristik Azkoitiko Torre Zurin erakusketa bat zabaldu berri du Khamar elkartearekin elkarlanean. Sahara hizpide hartuta sortu ditu artelanak azkoitiarrak.

Udane Juaristik atzo arratsaldean ireki zuen Torre Zurin Sahara erakusketa, eta urriaren 31ra arte egongo da ikusgai. (Ana Abarisketa)
Duela urtebete jarri zen Khamar elkartea Udane Juaristi artistarekin harremanetan. Orduan, Sahararren herria ardatz hartuta erakusketa bat prestatzea proposatu zioten azkoitiarrari. Erakusketa hura Azpeitiko Betharram aretoan egon zen ikusgai pasa den maiatzean, eta hark lortutako arrakastaren ondorioz sortu da orain, Azkoitiko Torre Zuri erakustokian atzo arratsaldean aurkeztutako bigarren erakusketa jartzeko aukera.

Teknika mistoa erabiliz sortu ditu lanak Juaristik. (Ana Abarisketa)
Khamar elkarteko kideek saharar errefuxiatuen kanpamenduetara egindako bidaietan bizitako esperientzietatik abiatuta sortu ditu Juaristik artelanak. Azkoitiarrak sarri lantzen duen teknika mistoa erabiliz sortu ditu lanak; eta, hala, argazkiak eta pintura nahastuz Saharako herritarren begiradak erakusten ditu, kolore beroak eta hotzak nahastuz.
Hiriko paisaiak alde batera utzita, lurra nahiz zuhaitzak aurkeztu ditu oraingoan Juaristik, natura bere gordintasunean, edertasunean, erakusteko.
Koadroetako elementuez gain, altzariekin esperimentazen ari da azkenaldian Juaristi, besteak beste. Materialak guztiz eraldatuz landutako altzariak ere badaude erakusketan. Hala, irudiz irudi, altzariz altzari, espazio goxoa sortzea lortu du Torre Zurin.
Udane Juaristiren erakusketa urriaren 31ra arte egongo da zabalik, egunero 18:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, berriz, 10:00etatik 13:00etara. Egilea bera datorren astelehenean, urriak 26, gerturatuko da aretora. Torre Zurin ikusgai dauden artelan guztiak salgai daude. Ikusteko dago Khamar elkarteak eta Udane Juaristik elkarlanean beste Sahara bat sortuko ote duten aurrerantzean. Elkartearen helburua da, behinik behin, “urte gehiegi irauten ari den gatazka politikoaren inguruan kontzientziak pizten jarraitzea”.

Naturako elementuak sartu ditu ‘Sahara’ erakusketan. (Ana Abarisketa)