
Iñaxi Etxabek jarri zion txapela Gaztelumendiri (Alberto Elosegi)
Sua Igeldoko bazterrak kiskaltzen ari zen bitartean, bertsoari txinparta atera ezinik aritu zenJon Maia Illunbeko oholtzan. Saiatu, saiatu zela dio, baina indarrak agortuta iritsi omen zen finaleko gailurrera. «Finalaren atarian esan nuen, ez nuela txapelaren zirrara sentitzen, baina ahaleginduko nintzela niregan gogo hori pizten. Baina ez dut lortu. Illunbera bidean ohartu nintzen. Oso lasai nindoan, helburu zehatzik gabe; finalean intentzio zorrotzagoa behar da eta ni gastatuta iritsi naiz». Zestoako saiotik nabaritu omen du gainbehera. Hortik ere atera du ikasgaia. «Hamar hilabeteko bide luzea izan zitekeela banekien; indarrak hobeto neurtzen ikasi behar dut». Eta igandean Twitterren zabaldutako txioa ekarri du gogora, bere sentimendua esaldi bakarrean laburbiltzeko: «Gailurrera nekatuta iritsi eta handik dena lanbrotuta ikusi nuen; gailurretik ez nuen ezer ikusten».
Eta horixe du penarik handiena, ez dela aldarterik egokienean iritsi finalera. «Askoz gehiago egin dezaket, egin izan dudalako. Baina ez nuen egin ez plazako lana, ez txapelketakoa. Bide erdian gelditu nintzen, eta triste bukatu nuen».
Finalean egokituko zitzaion txandak —zortzigarrena— eta gaiek ez omen zioten asko lagundu. «Izkin batean nengoen, beti azkena kantatzen… 80. minutuan ateratzen den jokalariaren sentsazioa nuen, eta partida beste aldean ari zela jokatzen. Eta gaiak ere ez nituen aldeko izan. Hamarreko txikian, garagardotegiaren gaia, ez nuen oso ondo ulertu, ez nuen jakin deszifratzen. Eta hor psikologikoki erori egin nintzen. Puntukako azkena joan egin zitzaidan eta jarraian hamarreko txikian kale… Final batean, azken finean, bost ariketa dira eta denak egin behar dira ondo». Kartzelara lur jota iritsi omen zen, inolako esperantzarik gabe. «Azkena nintzen kantatzen eta oso luze egin zitzaidan».
Hala ere, Illunbeko zazpigarren postuak ez dizkio planak aldatu. Txapelketa Nagusirako prestatzen jarraituko du. «Lan handia egin dut nire burua errekuperatzen, eta lanean jarraituko dut».
Finalari dagokionez, ez du uste aurrekoen aldean eskasagoa izan denik. «Beste finalen antzekoa izan da. Nik ikusi nituen Beñat [Gaztelumendi] eta Alaia [Martin] behar zen jarrerarekin. Nik brotxa lodiarekin jardun nuen eta haiek pintzel finarekin».
Iñaxi Etxabe izan zen finaleko beste protagonista bat. Beñat Gaztelumendiri txapela jantzi eta bertsoa kantatzera ere ausartu zen, zazpi mila lagunen aurrean. «Inoiz ikusi gabeko irudia izan da guretzat, amona bat oholtzan bertsotan; etorkizunean ikusiko ditugu, baina larunbatekoa oso berezia izan zen».