Azken hamar urteotan Errezilgo bost mutil hil dira moto eta auto istripuetan, eta horrek eragiten dien kezkari erantzunez, heziketa prozesu bat jarriko dute abian udalak, Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Harremanak osasun zentroak

Bizitzaz Blai proiektuaren sustatzaileak, Errezilgo Kultur Etxean. (Ihintza Elustondo)
Kezka batetik abiatzen den proiektua da Bizitzaz Blai, Nekane Zinkunegi Errezilgo zinegotziak adierazi duenez. “Errezilgo bost mutil hil dira azken hamar urteotan moto eta auto istripuetan. Hain herri txikia izanda, proportzio ikaragarria da, eta gaiari heldu nahi genion, oso delikatua dela jakin arren”. Haren arabera, “oso kontziente” dira landa eremuko herria izateak eragin zuzena duela horretan. “Herrian ez dauden zerbitzuen bila mugitu egin behar gara, eta garraio zerbitzuak bere mugak izan ditzake. Orduan, auto baten beharra sortzen da”. Baina, era berean, badakite mutilen artean “kulturala” den zaletasun bat dagoela, “ausardiarekin oso lotuta dagoena, eta gizarteratzeko bide bat ere badena”: hain zuzen, abiadurarekiko zaletasuna. “Arriskuaren eta morboaren arteko mugan ibiltze hori”. Eta haren arabera, horrek ere “lotura zuzena” du aipatutako kasuistika horrekin. Gai horri heldu nahian sortu dute egitasmoa Errezilgo Udalak, Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Harremanak osasun zentroak, Berdinbideanek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta.
Zinkunegiren arabera, elementu bat baino gehiago uki daitezke istripu horiek saihesteko. Batetik, garraio zerbitzuen eskaintza zabaldu dute azken urteotan, eta herria bitan zatitzen duen errepideak eragin ditzakeeen ondorioak leuntze aldera, lanean ari dira udaleko hirigintza sailean. Baina, horrez gain, heziketan eragingo duen proiektu baten beharra sumatu dute. “Kontzientzia horretan eragin nahi genuen, eta, horretarako, estrategikoa da heziketa”.
Harremanak osasun zentroa proiektuaren erdigunean dago, eta bertako kide den Ana Elosegik zertan datzan azaldu du. “Prebentzioan oinarritzen den proiektua da. Hezkidetzan kokatzen da, eta generoan oinarritutako estereotipoak landu nahi dira: maskulinitatean eragina dutenak, mutil izate hori ausardiarekin eta abiadurarekin lotzen dutenak… Guzti horrek dituen ondorioak saihestu eta gutxitu nahi dira”.
Formazio saioak
Horretarako, irakasle, guraso eta ikasleekin formazio saioak egingo dituzte. Lehenik eta behin, Harremanakeko profesionalek saio bana egingo dute talde horietako bakoitzarekin. Jarraian, testigantzen beste saio bat egingo dute. Eta testigantzen ostean, beste saio bat egingo dute Harremanakekoek, ondorioak lantzeko eta balorazio bat egiteko. Formazio saioetan HH5etik LH6ra bitarteko ikasleek parte hartuko dute; irakasleen kasuan, klaustro osoak, eta guraso guztiei emango zaie parte hartzeko aukera. Datorren astean hasiko dituzte saioak.
Tartean egingo den testigantza saio horrek, bi zati izango ditu: alde teknikoa eta doluaren ingurukoa. Lehenengoan ertzaintzak, suhiltzaileek eta anbulatorioko profesionalek larrialdi bat gertatzen denean martxan jartzen den prozesua azalduko dute. Bigarren atalean, berriz, istripua jasandako gazte batek hitz egingo du, eta harekin batera, familiek, herriko sendagileak eta gizarte zerbitzuetako kideek parte hartuko dute, besteak beste.
Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak adierazi du helburua ez dela “beldurra” sustatzea, heziketan eragitea baizik. “Ez dugu ezbeharren erantzukizuna inoren gain jartzeko asmorik. Herritarren heziketan parte hartzen duten eragile guztien artean, zaletasun sanoagoetarako bidea egiteko helburua dugu. Intentzio onenarekin diseinatu dugu proiektu pilotoa, eta balorazio bat egingo dugu gero. Gainera, aurrerago urrats gehiago egiten saiatuko gara. Iruditzen zaigu herritarren ordezkari garen heinean badugula halako hezkuntza proiektuak sustatzeko ardura”.
Elosegik adierazi duenez, iaz Zestoatik bueltan hiru gazte hil zirenean erabaki zuten zerbait egin beharra zegoela: “Hileta elizkizunak egin zirenean esan genuen: ‘Nahikoa da!'”. Haien familiei eskerrak eman dizkie, beren oniritzirik gabe proiektua aurrera eramatea ez zelako posible izango. Horrez gain, herritarren parte hartzea eta borondate ona eskertu nahi izan dituzte proiektuaren sustatzaileek.